Eibartarren Ahotan proiektuaz

Eibartarren Ahotan proiektua 1999ko udan hasi zen martxan ahozko ondarea jasotzeko asmoarekin, eta lan horretan dihardugu harrezkero. Proiektuaren helburua bat bakarra, baina zabal eta sakona: Eibarko eta inguruko herrietako nagusiekin hitz egin eta antzinako ipuin eta kontuak bideoz jasotzea.

Asier Sarasua eta Itziar Alberdi ikertzaileak, Juanita Arrieta, Margarita Murgizu eta Dolores Tolosa elkarrizketatzekotan

Ohiturak, bizimodua, sinesmenak, lanbide zaharrak.... Gure historia eta etnografia sakonean aztertzeko aukera paregabea dugu, Eibarko memoria historikoaren eta ondare kulturalaren berreskurapenean beste pauso bat emanez, azken helburua batutako informazioa herritar guztiei eskaintzea izanik. Asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi ezberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako.

Eibartarren Ahotan proiektuaren bitartez, ahozkotasunean jaio eta bizi izan diren azkenengo hiztunen hitza jaso nahi izan dugu. Beraiek osatzen dute Euskal Herrian (eta Europan oro har) atzen 100 urteotan jazo diren aldaketa teknologiko eta sozialak bizi izan dituen belaunaldia. Eurak jaio zireneko gizarte tradizional preindustriala ez zen beraien aitita-amamen oso ezberdina; euren biloben gaur egungo gizartea, aitzitik, erabat aldatu da. Proiektu honen asmoa, beraz, gizarte tradizional horren berri jasotzea da, berori ezagutu zuten azken lekukoen hitza lan-tresna izanik.

Ahozko transmisioa aztertzeko orduan, batez ere bi elementu aztertu ohi dira: zer kontatzen den (edukia, ipuina, kontakizuna) eta nola kontatzen den (hiztunak kontakizun horretan darabiltzan tresna eta egiturak). Euskal Herrian, hala ere, bada ahozkotasunaz hitzegiten dugunean betiere kontuan izan beharko dugun hirugarren elementu aipagarri bat: euskalkia. Ipuin berbera oso era desberdinean iritsiko zaigu Amoroton eta Legazpin, Urdianen eta Senperen. Euskalkien eta tokian tokiko hizkeren garrantzia hitzetik hortzera aipatu izan da azken urteotan eta ezinbestekoa da beraz hirugarren elementu hori ere aintzakotzat hartzea, ahozko ondarea jasotzeko eta aztertzeko bideratzen dugun edozein lan egiteko orduan.

Lanaren urratsak

Aurreko helburuok betetzeko, proiektuan zehar eman beharreko urratsak eta eginkizunak bi zeregin handi hauetan bil daitezke:

  • Informazioa ahozko iturrietatik jaso eta euskarri digitalean gorde: Lehenik eta behin galdetegiak prestatu eta elkarrizketak bideoz grabatzen ditugu. Ondoren, elkarrizketaren laburpen-fitxa eta kodifikazioari ekiten diogu. Lan honi esker, interes handiko edo eta informazio berezia eskaintzen dituzten pasarteak aukeratu eta zati hauen transkribapena egiten dugu. Informazio eta material gehiena euskarri digitalean batzen ahalegintzen gara; askoz kalitate hobea eskaintzen du eta hedapenari begira aukerak erabat zabaltzen ditu. Bestalde, hasiera batetik ikusi genuen informazio guztia eroso erabiltzeko, derrigorrezkoa zela guzti hori antolatuko zuen datu-basea prestatzea eta informazioa bertaratzea. Egitura honek lana asko errazten du, bai antolatzeko orduan, bai gerora begira, informazioa hedatzerakoan.
  • Batutako informazio guztia hedatu. Hau da proiektu honen helburu nagusi eta atzena, dibulgazioa, herritarrei galtzen ari den historia, kultura eta etnografia aberatsa erakustea. Izan ere, gure ustez, bilketa-lan huts diren proiektuak, edo hartzaile gutxirengana heltzen direnak, hanka-motz geratzen dira. Hainbat argitalpen posible aurrikusten ditugu, euskarri ezberdinetan. Hori aberasgarria dela pentsatzen dugu, dibulgazio-esparrua handitzen duelako, hartzaile potentzialak zabalduz. Hori da bete nahi dugun oinarrietako bat, informazioa ahalik eta jende gehienarengana iristea, zahar nahiz gazte, aditu nahiz zaletu.

Historia

Proiektuak Eibarko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa eta diru-laguntza jaso ditu, eta Ego Ibarra Batzordearen magalean ari da gauzatzen. 2002ko otsailaren 6an egin zen Eibarko Kultura Etxean proiektuaren aurkezpen-ekitaldia, eta 2005ean aurkeztu zen datu-basearen sareko bertsioa. 2016ko urrian eguneratuta berrargitaratu da.

Elkarrizketarik gehienak 1999-2003 bitartean egin ziren (guztira 250 elkarrizketa inguru), baina harrezkero ere proiektuak martxan jarraitu du: elkarrizketak egiten jarraitzen dugu eta artxiboan dagoen materiala lantzen jarraitzen da.

Une honetan ondorengo materiala dago Udal Artxiboko Eibartarren Ahotan bilduman:

  • 400 elkarrizketa.
  • 150 zinta minutuka etiketatuta eta katalogatuta (ondorioz, 3.000 pasarte baino gehiago kontsultagai datu-basean).
  • 500 pasarte transkribatuta eta beste 500 bideo-pasarte online ikusgai.

Epe laburrera, elkarrizketa berriak egitea aurreikusten da, eta baita materiala katalogatzen eta hedatzen jarraitzea ere.

 

Dokumentuaren akzioak