Idurre Alonsorentzat 'Juan San Martin beka'

2004/11/24
Idurre Alonso Amezua eibartarrak jaso du 2004. urteko "Juan San Martin ikerketa beka". Proiektuarenizenburua: "Euskal Literatura Garaikidearen kanona". Idurre Alonso euskal literaturaren inguruan egiten ari den doktoretza-tesiaren atal bati dagokio.

Idurre Alonsorentzat "Juan San Martin beka 2004"

Eibarko udalak eta UEUk urtero antolatzen dute "Juan San Martin ikerketa beka". Aurtengo saria Idurre Alonso Amezua eibartarrak jaso du. Proiektuaren izenburua: "Euskal Literatura Garaikidearen kanona". Saritutako lana Idurre Alonsok euskal literaturaren inguruan egiten diharduen doktoretza-tesiaren atal bati dagokio.

Epaimahaikideak: Oier San Martin, Maria Jose Telleria, Chema Ramirez de la Piscina, Ana Urkiza, Gerardo Markuleta, Iban Zaldua, Mari Karmen Meñika eta Junkal Txurruka.

Ondorengo lerroetan lanaren sarrera eta ideia nagusiak. Proiektu osoa irakurtzeko, jaitsi Euskal literatura garaikidearen kanona dokumentua.

Euskal Literatura Garaikidearen Kanona Idurre Alonso Amezua

Euskal literatura garaikidearen kanona nola eta zein beharri erantzuteko sortu den aztertzea da lan honen zeregin nagusia. Izan ere, orain arteko literatur azterketa gehienak literatur balioetara mugatu dira batik bat, baina literatura funtzio komunikatibo gisa ulertzeak teoria eta azterketa berrien beharra ekarri du, ezinbestean. Egun literaturaren kontzeptu hau aztertzeko metodologia emankorrena Sistema Anitzen Teoria dugu, baina Euskal Herrian, oraindik ere, arreta gutxi eskaini zaio.

Teoria honen hatsarre garrantzitsuena literatura sistema komunikatiboa izatea da, eta honenbestez, literatura aztertzean instituzio literarioa bere osotasunean aztertu beharra dago testuaren balioa ulertzeko orduan. Izan ere, literatur instituzioa da (argitaletxe, hezkuntza instituzio, idazle, irakurle…) literatur kanonaren oinarriak finkatzen dituena.

Lan honek bi helburu dauzka: batetik, literatur instituzioak nola funtzionatzen duen argitzea, eta batez ere, nola bihurtzen den idazle bat kanoniko kanonizaziorako beharrezko diren baldintzen azterketaren bidez. Bigarren mailan literatur kanonaren ezarpenean gehien eragiten duen elementua hartu nahi nuke aztergai: irakaskuntza sistema. Izan ere, eskolatik bideratuko da zer irakurriko den, bertatik sortuko dira saltzen duten eta ez duten idazleak, bertan sortuko da idazle baten eta bestearen irudia, eta bertarako sortuko dira argitaletxeak. Beraz, berebiziko garrantzia dauka zein literatura eta nola irakasten den aztertzeak, baita hautaketa hori noren esku dagoen ere.

Ikastetxeek idazle gutxi batzuei ematen die zilegiztapen teorikoa, eta zilegiztapen horrek eragin handia du literaturaren zentro eta periferiaren arteko indar harremanetan. Lanak euskal literatura garaikidea besarkatu nahi du, hain zuzen ere, helduentzako literatura idatzia. Horretarako, 1975-2000 urtealdia hartuko dugu aztergai, jakina baita egun indarrean dagoen kanonaren oinarriak urte horietan zehar finkatu zirela.

Irakaskuntzaren azterketa egiteko, bigarren hezkuntzan diharduten Eibarko ikastetxeak izango ditut aztergai. Horretarako, irakaskuntzaren alorreko ikerlanak bi azpiatal izango ditu; lehenengo eta behin, aurrez aurreko galdeketak egingo ditut ikastetxe publiko zein pribatuetan. Geroago zehaztuko ditut galdeketon helburuak, oraingoz esan dezadan literatur instituzioak duen sistemak irakaskuntzan nola eragiten duen aztertzera bideratuko ditudala galdeketok: sariei irakaskuntzak ematen dien garrantzia neurtzera, kasu. Bestetik, ikastetxeetan Euskal Hizkuntza eta Literaturako zein liburu erabiltzen den zehaztu ondoren, testu-testuliburu horien azterketa egingo nuke: zein idazle aipatzen diren, idazle horren zein lan, eta abar.

Honela, irakaskuntzak kanonean nola eragiten duen aztertzeaz gain, ikasleek literaturaren ikuspegi zabalagoa eta zaletasun handiagoa izan dezaten bideak proposatu nahi nituzke. Izan ere, literatura osasuntsu baten biziraupenerako behar-beharrezkoa da literatur kanonaz gain ikasleei literaturaren ikuspegi zabala eskaintzea. Hori dela eta, ikerlan honen eremu aplikazional nagusia irakaskuntzaren arloan kokatzen da.

Dokumentuaren akzioak