Eibarko karta-jokoak sekulako arrakasta

2005/01/03
Eibarko karta-jokoa abenduaren 22an jarri zen salgai, Pegoran eta herrikokioskoetan eta liburudendetan. Produktu berriak sekulako arrakasta izan du, eta honezkero ia-ia agortuta dago.

Ideia Ego Ibarra Batzordean atera zen, oroimen historia lantzeko betiko bidetik -liburuetatik- ihes egitearren. Dibujante gazte bati deitu zitzaion, Nahuel Visori, gure helburua gazteengana heltzea zelako baina bere proposamena "magic karta-jokoa" oso zaila eta garestia zen eta karta-joko normalaren bidea hartu genuen.

Karta-joko horretan herriko eraikinak (baselizak, iturriak, etxe aipagarriak...) eta ofizio batzuk islatu dira, eta damaskinatugintzari eta armagintzari dagozkion berbak ditu, jakingai eta ikasgai.

Ofizioak: lixibera, urketaria, granuja, aparejugina, arrainduna, forjaria, tanborteroa, pilotaria, raketistia, bordatzailea, damaskinatzailea.

Gauza bitxi legez XVI. mendeko Eibarko emakumeen burukoa darama 12ko erreginak.

Eraikinak: Armeria, Udalatxea, San Andres eta Arrate (1ekoetan).

Iturriak: Urkusukoa, Ibarkurutzekoa, Untzagakoa (zaharra) eta Ardantzakoa (zaharra), horiek 4koetan doaz. 10ekoetan: baselizak (Agiñagakoa, Santakurutz, Azitain, Magdala. 11koetan, kaleak eta lekuak: Isasi, Katxoneko zubia, Ardantza, Elgetakale. 12koetan: Aldatsa, Maria Angela kale zaharra, Isasitorrea edo Markeskua eta Zumaran.

Irudirik edo ofiziorik ez duten kartak berbak dituzte, armagintzaren eta damaskinatugintzaren etxekoak: urre-horia, urre-txorta, katua, otxabina, bedana,... Berba bakoitzak zer esan nahi duen jakin nahi duenak jo beza Eibarko Hiztegi Etnografikoa liburura.

Portadaren egilea Leire Kareaga izan da; kartetako irudiak Nahuel Visok eta Julen Zabaletak egin dituzte. Amaitzeko, konposizio-lana Jose Valderreyk egin du eta Fournier etxearena da argitaratze-lana.


Dokumentuaren akzioak