Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Musika Eskola Coliseoan ekainaren 22an

2007/06/20
Eibarko Musika Eskolako taldeek kontzertua eskainiko dute Coliseoan, ekainaren 22an, iluntzeko 20:00etan. Korua, Orkresta, Banda Nagusia, eta Ganbara taldea izango dira taularatuko direnak.

Eibarko "Juan Bautista Gisasola" Herriko Musika Eskola

Eibarko "Juan Bautista Gisasola" Herriko Musika Eskola

Eibarrek urte askoan izan zuen Musika Akademia. Antxon Iraolagoitia alkate zela, bultzada handi bat eman zion solfeo, piano...eta abarreko Akademia bat sortzeko asmoari. Azkenean udaletxearen 3. solairuan kokatu zen eskola. Aurreneko udal demokratikoa hasi zen Udal Kontserbatorioa jartzeko tramiteak egiten, lurralde mailako homologazioa eduki eta instrumentuetan espezialitate osoak eskainiko zituena.

Haren hurrengo udalak pausu asko eman zituen Kontserbatorioa legezkotzeko; lekua bilatzeko. 1985eko uztailaren 2an, Gipuzkoako Batzar Nagusiak Eibarren biltzen zirela-eta, udal ordezkariek, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eibarren, izaera ofizialeko Udal Kontserbatorioa sortzeko baietza ematea eskatu zioten. Aho batez jaso zuen baietza eskaera hark.

Ondoren, udalak, eskola, suhiltzaileen parkea izandako lekuan jartzea erabaki zuen, Errebal kalean, merkatu ondoan, eta "Juan Bautista Gisasola" izena ipintzea, Eibarrek izan duen musika-egilerik handienarena.


1990an, LOGSEa indarrean sartu zenean, gauza asko aldatu ziren hezkuntzaren alorrean, eta besteak beste, musika-ikasketena. Horren ondorioz, Eibarko udalak, 1993an, Musika Eskolaren aldeko aukera egin zuen, gaur egun duguna.

Gaur egun eskola horretan ikasgai hauek eskaintzen dira: akordeoia, trikitia, pianoa, gitarra, txirula, koroa, lengoaia musika, biolina, saxofoia, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa, txistua eta panderoa, biolontxeloa, perkusioa, txalaparta, klarinetea, tronpeta, tronboia eta oboea.


Eskolatik sortu diren taldeak hauexek dira: Koroa, Orkestra, Banda Nagusia, Banda Txikia, Rock taldea eta Ganbara taldea.

Gaur egun 355 ikasle ditu, 504 ikasgaitan matrikulatutakoak; irakasleak 17 dira.

Ekainaren 22an parte hartuko duten taldeak hauexek dira: Korua (44 ume) Orkestra (20 kide), Banda Nagusia (30 kide), eta Ganbara taldea (4 kide)

Musika Eskolak utzi egin du orain arte Errebal kalean izan duen egoitza eta Portaleko 3. eta 4. solairuetan izango da 2007ko irailetik aurrera.


Dokumentuaren akzioak