2013ko apirila: kultura ekitaldiak eta Eibarko Artisten Elkartearen erakusketa

2013/04/05
Apirilean ekitaldi asko ditugu herrian, besteak beste Eibarko Artisten Elkartearen erakusketa.

Eibarko Artisten Elkarteak urteko erakusketa egingo du Portaleko Erakusketa Aretoan, apirilaren 5etik apirilaren 28ra arte. Ehun bat lan aurkeztuko dituzte, era guztietakoak: pintura, eskultura, argazkilaritza, grabatuak...

Eibarko Artisten Elkartea 1966. urtean hasi zen lanean, Eibarko artezale batzuk batu eta artisten elkarte bat sortzea erabaki zutenean. Gogoz ekin zioten lanari eta hasteko Zuloaga, Olabe eta Elguezua eibartarren erakusketa antolatu zuen; 1967an Julio Beobideren omenezko erakusketa eta handik hiru urtera, 1970an, Zuloagaren jaiotzaren mendeurrena. 1977. urtean Jacinto Olabe omendu eta haren inguruko erakusketa ikusgarria egin zuen.

Elkartea 1974. urtean legeztatu zen eta beti jardun du lanean, etengabe, herrian bertan edo herritik kanpo erakusketak antolatzen eta prestatzen. Eibarren, elkarteko kideen urteko erakusketaz gain, San Juan jaietan ohikoa izaten den aire libreko Pintura lehiaketa antolatzen du.

Zuzena eta bidezkoa da urte guzti horietan Elkarteak izan dituen presidenteak gogora ekartzea. Hauexek izan dira: Jose Kareaga, Dunixi Murua, Pepe Txikiena, Dora Arregui, Paulino Larrañaga, Vicente Iriondo, Juan Serrano eta Jose Agustin Larrañaga.

Ibilbide oparoko Elkartea dugu, gaur egun 170 bazkide inguru dituena.

Dokumentuaren akzioak

2013ko apirila: kultura ekitaldiak eta Eibarko Artisten Elkartearen erakusketa

Eibar. Egilea: Jose Agustin Larrañaga (Eibarko Artisten Elkarteko presidentea)