Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Armeria Eskolak 100 urte; hasiera.

2012/01/25
Eibarko Armeria Eskolak 100 urte beteko ditu aurten. Hori dela eta, 1912ko uztailaren 1eko udal osoko bilkura eta hasierako harria ipini zeneko eguna dakartzagu gogora, eraikinaren historia hurrengorako utzita.

Argazkia: Guregipuzkoa.net

1912ko uztailaren 1eko Eibarko udal osoko bilkuran,  zinegotzi talde batek, Pedro Goenaga  buru eta hizlari zutela, Eibarren Armagintza, Dibujo eta Arte eta Lanbide Eskola bat eratzea eskatzen zuen mozio bat aurkeztu zuten. Eskola hura,   herrian egiten ziren produktuen erakusketa iraunkor gisa, Armagintza Museo legez eta atzerrian fabrikatu eta ustiatu gabeko armen erakusketa gela bezala erabiliko zen. Mozioaren helburua garbia zen: “herriaren oparotasun industriala ziurtatzea, herriaren ongizate morala eta materiala oinarritu dezakeen zutabe bakarra horixe baita, industria hobetuko duten langile trebeak sortuta”.

Goenagak, eta mozioaren gainerako sinatzaileek, Mendizabal, Erquiaga, Muguerza, Astigarraga eta Iriondo,  Nemesio Astaburuaga alkatearekin batera, asmoa bultzatuko zuen batzordea eratu zuten. Handik gutxira, Fermin Calbetón ministro ohiaren babesa lortu zuten.

1913ko Errege egunean jarri zen Armeria Eskola sortu berriaren eraikin berria izango zenaren lehenengo harria, Calbetón –proiektuaren benetako aita pontekoa–  bertan zela.  Haren ahaleginari esker lortu ziren hainbat laguntza, babesle eta bultzatzaile (estatua, Foru Aldundia). Hasierako hartan, Eibarko Udalak gastu handienei aurre egin izan bazien ere, Eskolaren Patronatuan, armagintzaren arroko ordezkariak, estatuaren ordezkariak eta ugazabak eta beharginak ere bazeuden.

Proiektuak sortutako zirraren ondorioz,  lehenengo harria obren adjudikazioaren enkantea izan baino aste bat lehenago jartzera eraman zituen, eta klaseak Frontoi zaharraren ondoan zegoen Eskolaren geletan hasi ziren ematen harik eta Armeria Eskolako eraikina bukatu arte. Presaren presaz, hamaika oztopo agertu ziren. Hasteko, hasieran aukeratutako lekuarekin (Elgetako bidearen ondoan, Zezen plazatik gertu). Azkenean,   lur truke baten ostean, eraikina gaur egun ezagutzen dugun lekuan hasi eta bukatu zuten,  Isasiko tontorrean.

Goenaga eta bere lagunek  bete-betean asmatu zuten herriaren premiari nola erantzun behar zitzaion. Goenagak irudikatu eta Calbetónek babestu: horrela jaio zen 1910ean eibartarrak Liejan bisitatu zuen Ecole d’Armerie haren ispilu eta isla zen Eibarko eskola. 

 

Dokumentuaren akzioak