Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Arma Museoaren 100. urteurrena. Omenezko eta esker oneko ekitaldi andana.

2014/09/12
Eibarko Arma Museoak 1914ko ekainaren 24an ireki zituen lehen aldiz bere ateak Armeria Eskola egin berrian; eta orduko arma bilduma huraxe dugu gaurko Eibarko Armagintza Museoaren oinarri eta zutabe nagusi.

1914. Gipuzkoako alkate guztiak Armeria Eskola ikustera. Argazkia: Gure Gipuzkoa

Urte hartan bertan, irekiera-ekitaldi haren harira kaleratu zen Inauguración del Museo de Armería de la Villa de Eibar katalogo-liburuxkaren (Im. Victor Fernández, Eibar; 88. orrialde) atarikoak hauxe dakar Museoa eta Armeria Eskola batera sortu izate hari buruz mintzatzean: “Las dos instituciones parten de un punto común para recorrer caminos iguales pero diametralmente opuestos, uno el del progreso, el otro el de la historia.”

Katalogo horretan jasota daude 1914ko arma guztiak (133 arma motz, 79 arma luze, 6 arma zuri –matxeteak..- eta beste 3 pieza solte (kulata bat, eta txispa bi); baita arma bakoitza nork eman zuen: Tomás Arrate, Martin Uncetabarrenechea, Campo-Giroko kondea, Orbea, Arizmendi, Julian Echeverria, Martin A. Bascaran, Bonifacio Echeverria, Gabilondo, GAC, Victor Arambarri, Candido Alberdi, Isaac Larreategui... Herriaren onerako jardun zuen izen-zerrenda etengabea.

Aurten, ehungarren urteurrena ospatzeko eta urte guzti horietan Museoa sortu eta hura lantzen, sakontzen eta zaintzen lagundu duten eibartar guztiak omentzeko, eskerrak emateko eta gogora ekartzeko, Armagintzaren Museoak hainbat ekitaldi antolatu ditu.

Urriaren 8an izango da ekitaldien ardatz nagusia: egun horretan omendu eta goraipatuko dira Museoaren alde lan egin duten guztiak, gure artean daudenak eta, zoritxarrez, betiko joan zaizkigunak; eta orduantxe irekiko da baita erakusketa berria, orain arte sekula ikusi ez diren armak bistaratuko dituena. Hurrengo egunetan, urriaren 9,10, 11 eta 12an, Museoak ateak zabalik izango ditu bisitari guztiendako.

Hitzaldiak ere izango dira, bildumaren historia eta museoa sortzeko arrazoiak jendeari azaltzeko. Azaroaren 27n “Eibar Industriala 2014” erakusketa ederra zabalduko da, Eibarren gaur egun egiten diren produktuekin osatuko dena.

Duela 100 urte, herritar asko eta asko izan ziren Arma Museorako piezak eman zituztenak, inaugurazio-egun hartako “bake, lan eta kultura egun handia” ondorengo belaunaldiek hura gogoan izango zutela eta. Ehun urte igaro badira ere, Eibarrek ez du gertakari hura ahaztu eta bere esker ona erakutsi nahi du. Gaiaren inguruan, irakurri baita:

Dokumentuaren akzioak