Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gerrako umeen lekukotasuna jasoko da

2012/06/06
Gerrako Umeen aurreneko 10 elkarrizketak martxan: ume haietako bakoitzak oroimenean duen guztia batu eta sekula ez ahazteko asmoz egiten den ekimena; hartara, kamera aurrean berba egiteko baietza eman dutenen berbak, ekainean eta uztailean batuko dira.

Eugenio Prieto abiadorea (gurutze birekin)

Ego Ibarra batzordeak, zerrendan dauden ‘ume’ horietako batzuk topatu, eurekin berba egin eta baietza jaso ondoren,  Badihardugu Elkartearekin kontratu bat izenpetu du eta elkarte horren eskuetan utzi du grabazioak egiteko eta kodifikatzeko lana.

Hasieran, hile bi hauetan, 10 izango dira Badiharduguk egingo dituen grabazioak (7 Eibarren –anai-arreba birena tartean-, 1 Durangon eta 1 Madrilen). Denak garrantzizko altxorrak, 6 emakume eta 4 gizonezko.

Elkarrizketetarako, elkarte horrek, Filologian eta Historian adituak diren pertsonak jarriko ditu; baita horretarako behar diren baliabide tekniko guztiak ere, Ego Ibarraren  premia eta beharretara moldatuta. Kasu honetan esate baterako, lege aldetik elkarrizketatuek izenpetu behar izaten duten dokumentua izenpetzeko ardura ere elkartearen eskuetan utzi da.

Aurreneko fasea uztailaren amaierarako bukatuta izatea itxoiten da. Hurrengo txanda irailean hasiko da.

Lehenago ere jaso izan dira gerrako umeen inguruko lekukotasunak Eibartarren Ahotan proiektuan. Besteak beste, Margarita Murgizurena (2000. urtean) eta Jose Ocamicarena (2009an). Euren lekukotasunetako batzuk dagoeneko sarean ikusi eta entzun ditzakezu.

Egitasmoaren aurkezpenaren prentsa-jarraipena ere hemen duzu ikusgai (PDF formatuan).

Dokumentuaren akzioak