Hárek Umiak (Gerrako Eibarko umeak). Erakusketa 2012ko abenduaren 20tik 2013ko urtarrilaren 20ra bitartean

2012/12/19
Datozen egunotan aukera izango dugu Eibarko gerrako umeen inguruko erakusketa ikusteko. Gerratik ihesi atzerrira joandako hainbat eibartarrek utzitako argazkiak kalean jarriko dira.

Erakusketan, umeek edo euren familiakoek utzitako 17 argazki horiekin (ikus adibideak PDF honetan), modu sinbolikoan bada ere, ordura arte  historian izandako umeen ebakuazio handiena adierazi nahi da.  Fardeltxo bat bizkarrean eta  izena, zenbaki bat eta herrialde baten izena zeuzkan hexagono itxurako kartoi pusketa bat paparrean: hala atera ziren umeak euren sorterritik nora zeramatzaten ez zekitela. 

Erakusketa kalera eraman da,  Eibarko berrehundik gora ume hizkuntza ezezagun eta arrotzeko lurralde urruti haietara eraman zituen gertaera latz hura herriko jendeak galdetu, aztertu eta, ezagutu dezan. 

Herriko ume guzti haien ikurtzat, paradoxa bada ere,  Untzagako Jubilatu Etxearen fatxadak Errusiako Jarkok udalekuko umeak hartuko ditu. Udaletxeko arkupeetan umeak hartu zituzten lau herrialdeak izango dira: Errusia, Frantzia, Erresuma Batua eta Belgika; ume bana herrialdeko.

Harmailetan herriko ume haien izenak agertuko dira amaiera gabeko etenpuntuekin, han agertzen direnak baino askoz gehiago izan zirela adieraztearren. Goiko aldean izango dugu itzuleraren argazkia, 1964ko irudi bat,  'rusoena’.

Toribio Etxebarria kalean, parrokiako horman, Inglaterran umeentzat jarri zuten etxetzar haietako bat egongo da, eibartarrak hartu zituenetako  bat.   

Eta azkenik, 10 argazki Kakalardo ondoan dagoen burdinezko horma moduko horretan, ume guztiak guri begira, handik pasatzerakoan  bakoitzak kontatzeko duen zer guzti hori kontatu nahi izango baligu bezala.

Gogoan izan, gainera, gerrako ume haiei nolabaiteko aitormena eta omenaldia ere egingo zaiela bihar bertan, abenduaren 20an, Eibarko Udaletxeko areto nagusian.

 

Dokumentuaren akzioak