Hemendik aurrera, Eibarko mugarrien lana sarean

2014/11/20
Eibarko mugarrien lana sarean dago gure herriko mugarriak non dauden ezagutu nahi duen jende guztiarentzat eta gailu guztietara jaisteko prest.

Azaroaren 20an aurkeztu zen prentsaurrean Eibarko Mugarrien lana. Bertan izan ziren Miguel de los Toyos alkatea; Carmen Larrañaga Ego Ibarra burua; Mikel Larreategi Klub Deportiboko presidentea; eta lana egin duten 3 mendizaleak, Klub Deportiboko Julian Etxeberria, Angel Treviño eta Periko Iriondo.

Herri-oroimenaren elementurik esanguratsuenak ditugu herriaren mugarriak, udalerriaren jatorria eta herri-ondarea seinalatzen dute; harritzarrok dira aldameneko herriekin zein lekutan elkartzen garen adierazten dutenak.

Julian Etxeberria, Periko Iriondo eta Angel Treviño (Klub Deportiboko kideak) izan dira “Eibarko mugarriak: ikerketa-lana eta landa lana” egin dutenak eta gure udalerriko mugarri guztien egoera aztertu dutenak.

Aurrenik, Udal Artxiboan zeuden mugarrien aktak aztertu zituzten; gero landa-lanean jardun zuten 2013ko urtarriletik maiatzera bitartean. 2013ko maiatzaren 31n aurkeztu zen Ego Ibarra batzordean. Harrez geroztik, lana ontzen joan dira eta mugarriak ezagutzeko ibilaldiak antolatzen.

Sarean jarri dena lan horren emaitza da. Aurrenik, mugarriaren zenbakia eta izena (Euskaltzaindiak onetsia), koordenadak eta zein alturatan dagoen.

Horiexek izango dira aurrenik ikusiko diren datuak. Hortik aurrera mugarri bakoitzaren fitxa osoa eta argazkiak izango ditugu: harri-mota, harriaren itxura, inskripzioak, mugarria herri-artekoa edo probintzien artekoa den, leku-izena, zein egoeratan dagoen eta aurreko mugarritik zenbat metrora dagoen. Euskarazko testua Mikel Ziorraga Urizar eibartarrak egin du. 

Dokumentuaren akzioak

Hemendik  aurrera, Eibarko mugarrien lana sarean

Mugarriak mapa baten gainean kokatuta