Jaime Altuna eta Josu Ozaita ikerlarien lanak jaso du 2015eko Juan San Martin beka. Euskal Herrian, Halloween edo Animen gauaren ospakizunen inguruan, azken urteotan izandako bilakaera aztertuko dute.

2015/12/15
Etnologia zen aurtengo gaia, eta ikerlariek, metodo kualitatiboa erabilita, Eibarren eta eskualdean gaiari buruz dagoen guztia batuko dute; idatziz eta ahoz jasotako testigantza guztiak aztertuko dituzte. Interes sozial handiko lana: guraso talde, aisialdi elkarte eta hezkuntza eragileentzako batik bat.

Lanaren muina.

Halloween izeneko jaia Euskal Herriko kaleak hartzen ari da Ameriketako Estatu Batuetako hedabideen, kultur ekoizpenen eta kontsumo industriaren bitartez. Haur eta gazteentzat erakargarritasun handiko ezaugarriak ditu: iluntasuna eta beldurrarekin jolasteko aukera, mozorrotzeko egokiera eta goxokiak jateko aitzakia. Hala ere, helduek ez dituzte begi onez ikusten ospakizun hauek, atzerritik inportatuak direla argudiatuta eta bertakoa ez den kultur industriaren asmakizun berria iruditzen zaielako. Ezustean, heldu horietako asko aho bete hortz geratu dira, duela hamarkada batzuk Euskal Herrian kalabazak hustu eta kandelak barruan ipinita antzeko errituak haurren artean zabalduak zeudela jakiterakoan. Izan ere, urriaren 31n Arimen Gaua ospatzeko ohitura Euskal Herriko txoko askotan oso zabaldua zegoen. Iluntzean haur eta gazteak bide bazterretan kandelak ezkutatzeaz gain, etxez etxe eske-errondak egiten ziren neguan ospatzen diren beste jai ezagunetan bezala. Ikerketa honen bitartez garai haietan ospatzen zutenen esperientzia eta bizipenak bildu nahi ditugu, baina batez ere, eta hemen dago berrikuntza agerikoena, gaurko haurren begietatik eta diskurtsotik aztertu nahi dugu fenomenoa; etengabeko mugimenduan dabilen tradizio honen prozesua azaldu.

Ikerlariak, Jaime Altuna eta Josu Ozaita, ez dira hasiberriak ikerkuntzaren munduan. Ozaita ibartarrak ikerketa eder askoa du egina Tolosaldeko gazteek hitanoari buruz duten pertzepzioaren ingurua, eta Jaime Altuna billabonatarrak urteak daramatza gazteen hizkuntza erabilera aztertzen eta euskal jolasak ezagutarazten.

Dokumentuaren akzioak

Jaime Altuna eta Josu Ozaita ikerlarien lanak jaso du 2015eko Juan San Martin beka.  Euskal Herrian,  Halloween edo Animen gauaren ospakizunen inguruan, azken urteotan izandako bilakaera aztertuko dute.

Eibarko Udalaren Juan San Martin Bekaren 2015eko edizioaren irabazleak