Koko-dantzak 2015eko otsailaren 7an etorriko dira. Kezka Dantza Taldeak zabalduko ditu Aratosteen ateak.

2015/02/05
Eibarrek koko-dantzari eta koko-marru konpartsa izan ditu 2008az geroztik, hain zuzen ere Kezka dantza taldeak zeregin horri ekin zionetik. Aurtengoan, otsailaren 7a ibiliko dira kalez kale eta baserriz baserri.

Ohi bezala, Eibarko merkatu plazan egingo dute eguneko lehenengo agerraldia goizeko 8.30etan. Koko-eskea egun osoz izango da eta 40-50 lagun inguru izango dira, talde bitan banatu eta Otaola-Kiñarra bailerako baserri eta inguruak bisitatuko dituztenak. Eibarren ateratzen diren koko-dantzari eta koko-marruak herrikoak bertakoak dira, berezkoa dute eta bereziak dira. Hala gorpuztu ziren mamarruak, burburixuak, masustak, aixerixak, hartza, Petra eta Maria, Don Eusebio, Kattalin eta Manuela, Batista kojua, Arrateko Ama-Birjina, Martin Perratzailia, sasi-kartia… eta koko-dantzariak eta euren makil-jokoa.

Talde batek, Txontatik gora egingo du eta Mertxete, Iraegi, Areta eta Aretaabeletxe baserrietan agertuko da; hortik mendiko pista bat hartu eta Altamiraerdikoa baserrira joango da. Bigarren taldeak ostera Saratsuegitik (Sautsi) gora Iragorri baserrira joko du, eta handik Azitain aldera: Loiola, Egiguren, Eizkoaga (Izkua), Azitaingo erretegia eta Txopen bisatuko dituzte. Gero, Otaolaerdikoa eta Ipurua baserrietan geldituko da eta Altamiraerdikora iritsiko.

Hor elkartuko dira talde biak eta hortik aurrera denek batera egingo dute bidea: Altamirabehekoa eta Kantina bisatu ondoren, Lekamendi, Urkiditorre eta Bolingua baserrietan geldituko dira.

Arratsaldean, 19.00etatik aurrera, Anbulategiko parkean bilduko dira eta ondoren Eibarko kaleetan ibiliko dira koko-dantzariak Elgoibarko Mauxitxa txarangak lagunduta.

Aurtengo koko-dantzen inguruko informazio gehiago Kezka Dantza Taldearen webgunean lor dezakezu.

Dokumentuaren akzioak

Koko-dantzak 2015eko otsailaren 7an etorriko dira.  Kezka Dantza Taldeak zabalduko ditu Aratosteen ateak.

Argazkilaria: Felipe Loiola - Kezka Dantza Taldea