Udaletxea

Eibarren udaletxe berri bat egiteko asmoa 1870etik gutxienez bazebilen hor nonbait. Garai hartan, Felix Guisasola alkate zela, udaletxe zaharrak - "Kontzejokua" izenez ezagutzen zena- zuen egoera txarrari buruzko kexak jasotzen hasi zen Eibarko korporazioa.

Eibarko UdaletxeaEskasiak eta karlistadak zirela medio,   Eibarko udalbatzari leku berri bat emateko proiektua ez zen itxura hartzen hasi 1899. urtera arte.  Proiektatutako udaletxe berriak "Kontzejokua" zaharraren neurriak biderkatu egingo zituen; eraikin berriaren 43,80 metroko zabalerari eta 33,30 metroko sakonerari lekua topatzeko -garai hartan ez zegoen Eibarren horren neurriko eraikinik, elizarena kenduta- ez zuen ematen  eraikin berria San Andreseko elizaren arabera antolatutako antzinako herri gunetik kanpoko aldera mugitzea baino  beste konponbiderik zegoenik.

Lekualdaketak hainbat traba edo oztopo zituen aurrean. Bata administratiboa: Errege Etxea edo Casa Real-a botatzeko baimena lortzea. Errege Etxeak, arma fabrika, Guardia Zibilaren kuartela, posta eta telegrafo bulegoa  eta Erregistro Zibilaren egoitza hartzen zituen eta herriaren erdigune berria izan behar zuenaren zati bat ere bai. Beste oztopoa teknikoa zen, erdigune berriari lekua egiteko, erreka tapatu beharra baitzegoen.

Ramón Cortazar arkitekto donostiarra izan zen horrela eskuratutako esparrua beteko zuen edifizioaren planoak egin zituena. Bere proiektuak hiru solairuko eraikina islatzen zuen, harlanduzko basamentuekin eta  aurreko aldea arkupeduna. Haren arrakasta, adituen iritziz, palazio italiar baten antzeko itxura horretan eta inguruko euskal udaletxe klasikoen ezaugarriak -bereziki arkupeak- zuhurki nahastean datza.

Emaitzarekin  pozik, eibartarrak edifizio berria 1901ko irailaren 14an inauguratu zuten, eraikinaren beraren neurrira antolatutako ospakizunekin: orfeoi lehiaketa, herriko lan industrialen erakusketa eta oturuntza.

1901ean inauguratutako eraikinak U itxurako oinplanoa zeukan, eta zabalik geratzen zen aldea -gaur egun trenbidera ematen duena- zurezko atarte txiki batek ixten zuen, atarte hori ez zen horma bilakatu harik eta gaur ezagutzen dugun fatxada 1961. urtean egin zen arte; orduan eratu zen patio txiki moduko bat 1975. urtean erakusketa areto bat osatzeko estali zena.

Egia esan, belaunaldi ezberdinetako lau eibartar batuko bagenitu, bakoitzak udaletxearen barruko distribuziori buruzko gauza diferente bat oroituko luke. Jatorrizko proiektuan, beheko solairuan  eskola bi, poliziaren bulegoak eta obra bulegoaren lokalak zeuden. Bigarren solairua solairu dotorea zen: eskailerak, zoruak eta beirateak argi erakusten dute dotorezia hori; gainera, solairu horixe izan da jatorrizko ezaugarriak hobetuen gorde dituena.

Hirugarren solairuan etxebizitzak zeuden, bakoitza bere sukaldearekin, izan ere  Udal idazkariari, diruzainari, hiru maisuri eta atezainari etxe horiek utzi  egiten baitzitzaizkien euren soldataren parte legez. Beste bi etxebizitza ere bazeuden udalak errentan ematen zituenak.  Hori aldatuz joan izan da mendez mende eta udalak ezagutu izan ditu bere barruan dibujo eskolak, kuartelak, kartzela, udal liburutegia, kapera bat eta, nola ez, mota guztietako administrazio-bulegoak.

Iturria: Eibarko Udal Artxiboa: C5 18.3

Argazkia: Iñigo Artamendi

Dokumentuaren akzioak