Josteko makinak - Alfa

Josteko makinaren bilakabidea lantegi baten izenarekin dago lotuta, Alfarekin; eta Alfarena berarena, Eibarko herriaren historia gertukoenarekin.

Alfa lantegiari buruzko informazio eguneratua eta beraiekin harremanetan jartzeko: Alfa Hogar

Alfa 1Alfa lantegiaren sorrera 1920. urtean aurkituko dugu. Urte horretan izandako greba luze eta latz baten ondorioz, armagintza arloko behargin espezialista batzuk batu egin ziren Kooperatiba bat antolatzeko, XIX. mendearen akabera aldean nagusitu zen elkartzeko izpiritu haren epelean. 1920ko urriaren 28an eratua, "Sociedad Anónima Cooperativa de Producción de Armas de Fuego Alfa" izena hartuta, 300.000 pezetako bazkide-kapitalarekin, Alfak bere ibilbide guztian beti eutsiko dio sortzaileek eman zioten kooperatiba eta gizartearendako izateko izaerari.

Lehenengo tailerra Vista Alegre kalean ipini zuen, Echeverria Hermanos ("Kirikixuanekua") tailerraren lekuan, eta hasieran 32 eta 38ko esmitzak (Smith Wesson) egiten hasi zen. Hala ere, bost urte baino ez zituela, armagintzaren eta arma-merkaturatzearen inguruan izandako gertakizunek bultzatuta, bere helburua eta zertarakoa aldatu egin behar izan zuen: 1925eko otsailaren 4an, josteko makinak egiteko eta saltzeko erabakia hartu zuen. Josteko makinen aldeko apustua ez zen oharkabean egin: lehendik zeuden makinekin eta beharginek egiten zekizkiten lanekin bateragarria izango zen produkturen bat bilatu zuen. Benito Galarragari eman zioten josteko makinak egin ahal izateko koaderno teknikoak bilatzeko eta prestatzeko enkargua. Ordurako tailerra lekuz aldatuta zegoen, San Andres Pasealekuan; josteko makinak egiteko lege-baimena ere eskuratua zuen bost urterako eta horrek mesede handia egin zion merkatuan azkar sartzeko eta produkzioa ugaritzeko: 1927. urtean 1750 egin zituen, eta 1935. urtean 12.000 izan ziren Alfatik ateratako josteko makinak. Horri esker, Espainian, josteko makinen fabrikazioan aitzindari izatera iritsi zen; Alfaren pentzutan, behargin eta banatzaileak sartuta, 1000 familiatik gora bizi zen.

Sasoi hartan funtsezkoa izan zen Toribio Etxebarriak egindako lana. Pentsalari sozialista eibartarrak gidatu zuen, bertako gerente zela, armak egitetik josteko makinak egitera pasatzeko egin behar izan zen aldaketa sakona.

Alfa 336ko gerrateak eragin zuen krisialdiaren ostean; fabrika zeharo txikituta zegoelarik -ez bakarrik diru aldetik, baita ere jende aldetik- , Banco San Sebastianen laguntzari esker Alfa berriro zutinik jarri zen. 1940ko azaroan, "Sociedad Anónima Cooperativa Alfa" zaharraren ondasun guztiak "Maquinas de Coser Alfa, S.A" berriaren izenean ipintzeko eskriturak izenpetu ziren. Ordutik aurrera, fabrikak gora egingo du nabarmen; produkzioa etengabe doa ugaltzen; eraikina bera handitzen joango da, Fundizioa esate baterako 1953. urtean inauguratu zen.

"Alfa" josteko makina 1946. urtean hasi zen atzerrira saltzen; 60ko hamarkadan josteko makinak saltzeko bere merkatu-sarea zuen. Salmentarako sukurtsalak, ordezkaritzak eta agentziak hiriburu guztietan zeuden; esportazioak 70 herrialdetara baino gehiagora iristen ziren. Urte haietan Alfak merkatura begira egindako antolamendu bereziak zituen Inglaterran eta Frantzian; Mexikon fabrika bat zuen.

Eibarko fabrikarik handiena izatera heldu zen; atzerrira begira, izen eta osperik handiena zuena. Baina sekula ez zuen ahaztu bere izaera. Alfako beharginek beste inon ez zeuden bentajak zeuzkaten.

  • 1931.eko "Fondos Benéficos Sociales"
  • 1941.eko "Caja de Previsión y Socorro"
  • 1947.eko "Caja de previsión Laboral de Máquinas de Coser Alfa" (gehiago zabaldu zuen beharginendako laguntzen atala eta erretiroetarako, gaisoaldietarako, alarguntzetarako, botikak erosteko... dirua izendatu zuen)
  • Etxebizitzak eraiki zituen bere beharginendako
  • Alfako Eskolak, beharginen seme-alabendako.
  • Ondarroan, beharginen seme-alabendako "Arrigorri" udalekua.
  • Jangelak beharginendako
  • Alfa 2Ekonomatoa.
  • Liburutegia.

Alfak une hartan bere produkzioa aniztu egin zuen; bere jardunaren garapen gisa edo beste enpresa batzuekin elkarlanean (Muebles Zarautz, Serveta Industrial S.A, Revestimiento de Poliester...) Hala ere, beti eutsi izan dio josteko makinari.

Estatu osoan, Alfa izan zen aurreneko kooperatiba industriala; tailerraren kapital osoa edo gehiena beharginen eta bertako bulegarien esku zegoen, beharginak eurak ziren enpresaren norabidea erabakitzen zutenak. Eibartarrendako Alfa tailer bat baino zerbait gehiago zen: belaunaldi oso batendako lan-harremanak eta gizarte-harremanak ulertzeko eta izateko modu jakin baten ikurra.

Egiten da bizikleta,
josteko makiña
laster egingo degu
automobila.

(Eibarko herria abestitik hartuta)

Dokumentuaren akzioak