Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

1.- Markeskua: Isasitarren Jauregia

ib6001.jpg

Otaola hiribidean, Markeskua jauregian emango diogu hasiera gure ibilbideari. Bertan, Isasitarren jauregia dugu ikusgai. Eraikuntza hau aro modernoan eraikitako jauregia da eta hirian egon ziren jauregietako bat da.

Isasiko dorretxea Ermurantz zihoan Erret Bidearen ondoan eraiki zen. Antzinako dorretxe eta jauntxoen etxeen eredu dugu. Eraikuntza laukizuzena da, sendoa; lau isurialdeko teilatua du, egurrezkoa eta landua. Sarrera nagusian erdi puntuko arku dobeladuna eta honen gainean armarri handi eta aberatsa, Isasitarren armarria. Bitan banatuta dago: batetik gaztelu bat hiru izarrekin eta kateez inguraturik; bestetik, zuhaitz bat, baina bi azeri gurutzatu falta dira. Armarria defendatzen bi lehoi ditugu.

Eraikuntzaren historiari dagokionez, lehen bizilagunak Martin Lopez de Isasi eta Domenja Orbea izan ziren 1593. urte inguruan. Jauntxo hauek garai berean, monja kontzepzionisten konbentua sortzeko asmoa azaldu zuten. Beraiek ezin amaitu, eta gurasoen gogoa euren semeek burutu zuten. Martin Lopez de Isasi XVI. mendeko merkatari garrantzitsua izan zen, Felipe II-aren kortean egon zen, eta bere negozioak Sevilla aldera hedatu zituen. Isasitarrak pertsonaia esanguratsuak izan ziren, ezkontza estrategikoak egin zituzten, eta gorteko postu esanguratsuak lortu. Horren adierazgarri dira 1931an Errepublika aldarrikatu arte, Espainiako errege-erreginek Markeskuara egiten zituzten bisitaldi ugariak.

Gaur egun eraikina berriztu egin da eta Udako Euskal Unibertsitatearen egoitza da; aurrerantzean UEU-ren ikastetxe nagusia izango da. Ekintaldi eta jarduera ugari antolatzen dira: hitzaldi-zikloak, jardunaldiak, topaketak....

Eibarren geratzen diren eraikin zibilen artean interesgarrienetakoa da (ibilbide honetan bertan aipatuko ditugun Untzueta eta Aldatze jauregiekin batera), XX. mendean beste lau dorretxe betirako galdu ondoren: Malleatarrena (parrokia parean, gerran erre zen), Orbeatarrena (Untzagan, 1900 inguruan bota zen plaza zabaltzeko), Zumaran edo Indianokua (Aldapatxon, 1955 inguruan etxeak egiteko bota zen), eta Kontadorekua (Errebalen, gerran erre zen).

Argazkia: Markeskua Jauregia(Felipe Loiola, Eibarko Udal Artxiboa).

Dokumentuaren akzioak