Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2.- Erdigune historikoa

ib6002.jpg

Isasi kaletik behera joanez Isasiko okindegi parean geratuko gara une batez, (Isasi kaleko 4 zenbakian) eraikuntza horren atarian dagoen inskripzioa ikusteko. Jesus-en anagrama (IHS) irakur daiteke eta honekin batera San Andresen gurutzea dago. Bertatik Plaza Berrira goaz eta bertan geldialdi bat egingo dugu. Geldialdi honetan antzinako hiribilduaren inguruan arituko gara labur-labur. 1346.an Alfontso XI.ak Jaen-en Hiri Gutuna eman zion Eibarri, eta horrela jaio zen gure herria, hasiera batean “Villanueva de San Andres de Heybar” izenarekin.

Erdi aroko hiribildu hau San Andres elizaren inguruan eraiki zen, leku estrategikoan, mendixka baten gainean eta Ego ibaiaren ertzean, herriaren defentsa errazteko. Hiribildua elizaren inguruan hedatu zen, eta Erdi aroko gune horrek hiru kale nagusi izan zituen: Barrenkale, Elgeta kale (edo Erdiko kale) eta Txurio kale (gaur Txirixo kale). Bi sarrera nagusi izan zituen: Bizkaitik zetozen bidaiariak Ulsagako atetik sartzen ziren herrira, eta Gipuzkoatik zetozenak Ibarrako atetik. Hirugarren ate bat ere bazegoen, Elgetakale gainaldean, Elgetara eta handik Gasteizera abiatzeko. Erdi aroko hiribilduaren beste elementu garrantzitsu bat harresia izan zen. Mendeen poderioz, eta batez ere bi sute handi jasan dituelako (1794an frantsesek herria erre egin zuten, eta gerra zibilean, 1937ko apirilaren 24an, berriro ere goitik behera erre zen), gaur egun ezer gutxi geratzen zaigu. Eliza eta Txirio-kaleko pare bat etxe dira antzinako Eibar nolakoa izan zitekeen adierazten diguten bakarrak.

Marrazkia: Eibar, XV. mendean (Javier Unzetabarrenetxea).

Dokumentuaren akzioak