Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

3.- San Andres parrokia

ib6003.jpg

Erdi aroko hiribilduaren erdian San Andres eliza zegoen. Bera zen herri osoaren bihotza. Jatorriz egurrezkoa zen, baina eraikuntza txiki geratzen hasi eta XV. gizaldi inguruan harrizko eraikuntza haundi eta sendoago bat eraikitzen hasi ziren. Eliza berritzeko lanak XVII mendera arte iraun zuten. Gaur egun Eibarko eraikinik garrantzitsuena dugu.

Egitura Nagusia

Elizak gurutze latiniarrezko oinplanoa du eta beraz ezin dugu euskal eliza gotikoaren sailean barneratu. Tenpluak altuera berbereko hiru nabe ditu, eta horiek hiru absidetan burutzen dira, erdikoa poligonala dugu eta alboetakoak angeluzuzenak. Barruan espazioa bateraturik dago. Aipagarriak dira elementu sustengagarri moduan koloma korintiar eder eta bitxiak. Gipuzkoa mailan bakarrak dira kapitel korintiar horiek, ordena klasikoak jarraitzen dituzte, eta eder eta dotoreak dira. Barnealdeko espazioa gurutzedun gangak (izar itxurakoak eta konplexuak); eta gurutzadura aberats horiek erdialdean giltzarriak dituzte bere erliebe haundi eta polikromatuekin. Nerbio sistemaren eta gurutzaduraren indarrak kolometarantza abiatzen dira. Kanpandorrea eta tenpluaren portada nagusia estilo barrokoan eraiki zituzten, dotoretasunez, XVII. mendearen erdialdea pasa ostean.

Portada platereskoa

Eraikuntzaren iparraldean kokatzen da eta sarrera elizaren klaustro aldetik burutzen da. XVI mendeko portada dugu, errenazentista. Erdi puntuko arkua du eta arkua inguratuz moldura arrunta. Beheko aldeak garaipen arkuaren itxura hartzen du eta elementu klasikoak eta errenazimentukoak ditu: pilastrak, plintoak, kapitelak, medalloi klasikoak ikus ditzakegu. Goiko aldean berriz, frontoi txiki eta 'nitxo' antzeko bat ikus daiteke. Goiko alde honetan boluta eta pinakuloez osaturiko dekorazio aberatsa ikus dezakegu. Iparraldeko ate honen egilea Gabriel de Ubilla dugu eta 1547. urtean eraiki zen bertako inskripzioak gogoratzen digun legez.

Erretaula

San Andres elizako erretaula nagusia XVI. mendearen erdialdean hasitako lan bikaina dugu. Eraikuntzaren barrenean, elementu arkitektonikoez gain, erretaula nagusia ikus dezakegu. Erretaula hau Andres Araozek eta bere seme Juan Araozek eginikoa da, errenazimenduko artistak biak ere. Alonso Berruguete maisuaren jarraitzaileak dira, maisu honen aztarnen jarraitzaile. Erretaularen beheko bi mailak burutu zituzten. Aita eta semearen artean ez da batasun handirik nabari, baina Berrugueteren indarra eta eragina ikus daitezke, bai janzkeran, bai gorputza eta zainak lantzeko eran... Erretaula hau gure inguruko beste zenbait lanekin lotu dezakegu: garbitu berri duten Itziarko Santutegiko erretaularekin, Oikiako San Bartolome elizako erretaularekin, eta Zarauzkoarekin. Erretaularen lanak 1567an hasi ziren. Hasieran Andres de Araoz arduratu zen, eta bera hil ondoren, 1587an, bere semeak hartu zuen lanen ardura. Eibarko herria ez omen zen asebete eta 1736.an erretaula bukatzea erabaki zen. Lana Hilario Mendizabal eibartarrak eta Fernando de Arizpek burutu zuten, eta Juan Bautista de Mendizabalek, Domingo de Alzagak eta Juan de Irazabalek ere lagundu zuten.

Argazkia: San Andres parrokia (Eibarko Udala).

Dokumentuaren akzioak