4.- Zozola eta Aritxuloeta

ib2004.jpg Artadia alde batera laga, eta ezkerreko bidetik gorantz egingo dugu. Aukera bi ditugu: bidezidor batek Zozolara eramango gaitu, eta besteak gorago dagoen Aritxuloetara. Beheko bidetik bagoaz Zozola baserri ederra ikusteko aukera izango dugu. Baserri hau, 2000ko irailaren 7az geroztik babes bereziko eraikuntza da, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultur Ondarearen Katalogoan sartuta dago, monumentu izendapenaz. Amaña gainean dago, Eibar osoa ikus daitekeen gain batean. 1485. urtean ageri da lehenengoz dokumentuetan. Denboran zehar aldakuntzak izan dituen eraikina da. Jatorrizko baserriak 15x18 metroko oinplanoa zuen, bi isurkiko estalkia eta bi solairu zituen, eta XV-XVI. mende bitartekoa da. Garai hartatik egituraren zati batzuk gorde ditu: ekialdeko atearen ezaugarri gotikoak, mendebaldeko fatxadaren zenbait egitura eta leiho, ogi labe zaharra eta XVI. mendeko egurrezko eskilara. XVII. eta XVIII. mendeetan tximistek eragindako hainbat suteren ondoren, baserria dolare bihurtu zen. Lehen birmoldaketa hartatik dolareko elementu estrukturalak geratzen dira, beste eginkizun batzuetarako berrerabilita oraindik ere antzeman daitezkeenak. Gaur egun, XVII. eta XVIII. mendeen arteko azken eraberritzearen egitura eta kalitate handiko hainbat elementu gorde ditu. Azken berreraikitze horretan beste solairu bat eraiki zen baserriaren hegoaldean, eta alde hori lau isurkiko teilatu batez estali zen, gaur duen dorre itxura emanez. Dorrearen fatxadaren goiko aldean, erdialdean, Santa Katalina edo Santa Barbara izan daitekeen harrizko irudi eder bat dago. Baserria, azken urteotan, eraberritu eta nekazalturismorako egokitu da.

Argazkia: Zozola eta Aritxuloeta ingurua, eta atzean Urko; 2001 (Asier Sarasua).

 

Dokumentuaren akzioak