1.- Hasiera: Azitaingo Andra Mari

ib4001.jpg Ibilbide honi hasiera emateko Azitain ingurua aukeratu dugu. Bertatik abiatuko gara Arraterantz, baina lehenik eta behin ezinbestekoa dugu Azitaingo Andra Mariaren baselizan sartzea. Ermita hau Elgoibartik Bizkairantz zihoan bide nagusi zaharraren alboan dago, eta Untzuetatarren oinetxearekin lotu izan da. Oinplantari dagokionez, eraikuntza apala da, errektangularra eta nabe bakarrekoa, baina xarma handikoa. Bereziena altarearen erdi aldean aurkituko dugu, irudi berezi eta ezohikoa: 1,82m-dun kristo gurutziltzatu eta bizargabea. XIV. mende inguruko irudi herrikoia da, eta mota honetako beste hiru irudi besterik ez ditugu ezagutzen mundu guztian. Ama Birjinaren irudia eta erropak ere aipagarriak dira.

Argazkia: Azitaingo baselizan dagoen Jesukristoren irudia, bizarrik ez duen irudi bakarretakoa (Felipe Loiola, Eibarko Udal Artxiboa).

 

Dokumentuaren akzioak