Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Alberto Ormaetxea

Futbolaria, 1939-04-07

Txuri-urdinekin behetik hasi zen lanean. Aurrenik,  Sanse taldean, zeina orduan Bigarren Mailan zegoen. Ormaetxeak hegalean jokatu zuen, hegal bietan. Handik urtebetera, 1962an, Reala Bigarren Mailara jaitsi zen, eta, Sanse Hirugarren Mailan zegoela, Ormaetxeak talde nagusira pasatzeko aukera izan zuen. Hala, lehenengo partida jokatu zuen Realarekin, Ourenseren kontra.

Harrezkeroztik, sekula ez zuen kendu elastiko txuri-urdina. Realarekin 280 partida jokatu zituen hurrengo hamabi urteetan, eta gol bi ere sartu zituen, nahiz eta aurrelaria izan ez. 1966-67ko denboraldian, hamabost partidatik hamalau irabazita, Reala berriro Lehenengo Mailara eraman zuen Andoni Elizondo entrenatzaileak, eta Ormaetxea eibartarra talde ahaztezin hartakoa zen. Zoritxarrez, 1973an, hernia edo eten gogor baten ondorioz eta meniskoarekin arazoak izan ondoren, utzi egin behar izan zion jokatzeari.

Hala ere, Ormaetxeak ez zuen utzi foballa. Beste jokalari asko bezala, entrenatzaile hasi zen, bere jakinduriaz eta esperientziaz baliatuta. Bere ibilbidearen aldi berri horri ere Eibarren eman zion hasiera, eta jokalari fina izandakoa, aparteko entrenatzailea zenez, Realera itzuli zen handik hiru urtera; orduan ere behetik hasi zen, Rafael Iriondo, Andoni Elizondo eta Jose Antonio Irulegi handien laguntzaile gisa, baina bere kemenak eta eskarmentuak goragoko bidea erakutsi zion.

Ormaetxeak 1978an hartu zuen Realeko entrenatzaile postuaren ardura, eta urte hartako emaitzak nahiko txarrak izan ziren, baina Reala, kirol aldetik, bere garai oparoenaren atarian zegoen. Ormaetxearen gidaritzapean txuri-urdinek liga bi irabazi zituzten, 1980-81ekoa eta 1981-82koa, eta Superkopa bat, 1982-83koa. Ormaetxearen emaitzek argi eta garbi uzten dute haren balioa; Realak izan dituen entrenatzaile guztietatik, partida gehien dutenen artean bigarrena da bera, baina ez hori bakarrik: ehun partidatan baino gehiagotan taldea zuzendu duten bost entrenatzaile txuri-urdinetatik bera izan da partida gehien irabazi duena (% 47) eta gutxien galdu duena (% 25 baino ez).

Ormaetxeak 1985ean utzi zuen Realaren aulkia, eta Hercules taldearen entrenatzaile ibili zen beste denboraldi batez. Foballaren mundua 1987an utzi zuen betiko. Serioa zen, eta, Eibarren esaten den moduan, berba gutxiko gizona —hitzetan motz eta emaitzetan luze—. 2005ean hil zen, gaixoaldi luze baten aurkako borroka latza gainditu ezinda. Ordutik, Eibarren urtero jokatzen da hura gogoratzeko futbol partida bat.