Mikel Beorlegi Ereña

Eibarren jaio zen 1959ko otsailaren 8an. Frontoi Zaharreko eskolan hasi eta geroxeago Isasiko Korazonistetan eman zituen bere ikasturte gehienak. Gero, La Sallen Batxillerra egin eta azkenengo urtea, UBI, Unibertsitate Laboralean bete zuen. Eskoriatzako Irakasle Eskolan 1979an diplomatura atera eta Araiako eskolan hasi zen 1979an lanean. 1986an Historiako lizentziatura amaitu zuen.

Txiki txikitatik piztu zitzaion fosilen eta harrien inguruko zaletasuna eta gai horri buruz eskuetara heltzen zitzaion  guztia irakurtzen zuen. Aitarengandik jaso zuen artearekiko zaletasuna  eta beste kide batzuekin batera Azido Taldearen partaide izan zen denbora apur batean.

Mikel Beorlegi EreñaAita Barandiaranen urratsen jarraitzaile, lehenengo aurkikuntza arkeologikoei ekin zion, aurrenik, Eibarren bertan, Akondian, eta gero Araban.

Hala ere, askoz ere lehenago zebilen Arabako Arkeologiako Institutuan lanean; hor burutu zituen Araia Ibai Arroaren proiektu barruko  miaketa-kanpainak  eta beste hainbat indusketa.  Amestutxo izeneko kalkolito-brontze aroko herrixkaren aztarnategian dabil ikertzen.   Aztarna arkeologiko ugari aurkitu ditu, trikuharriak, bizilekuak, hilarriak eta azken urte hauetan arkeologiaren inguruko argitalpen luzeagoak idazteari ekin dio.

Paleontologian, Camero Zaharrean Sotoko ikniten aztarna eta fosil  ugari aurkitu ditu. 2005ean Mesozoikoaren inguruko erakusketa antolatu zuen ARCES kultur elkartearen ekimenez; bera izan zen talde horren sortzailea  Cameroseko Kultura herrikoiaren zantzuak ikertzeko xedez.

Egun, Gasteizko Koldo Mitxelena institutuan Geografia, Historia eta Artea ikasgaiak ematen ditu.  Ikerketa arkeologikoan,  Arabako ekialdean segitzen du lanean eta  Cameroseko bigarren mailako eraikuntza herrikoien katalogoa burutzen ari da.

Hainbat lan argitaratu ditu arkeologiari eta aurre-historiari buruz han-hemenka. Hemen, bere artikuluen mustra bat, gehienak “Estudios de Arqueología Alavesa”n argitara emandakoak.

Dokumentuaren akzioak