Pedro Palacin Iriondo

Musikaria, soinujolea eta orkestra-zuzendaria.

Pedro PalacínZazpi urte zituela hasi zen Felix Aranzabal "Angiozarko itsua"rekin Solfeoa eta Akordeoia ikasten. Gero, Mikel Bikondoa maisuarekin segitu zuen eta harekin amaitu; akordeoi karrerako ikasketetan izan zuen amaierako nota bikain izan zen.

Sasoi hartan sari asko eskuratu zituen. Batzuk aipatzearren hona hemen: Nazio mailako bigarren sari batzuk; "Reina Sofia" lehiaketaren bigarren saria, 4. saria Euskadi Nazioarteko Lehiaketan; lehenengoa Palma de Mallorcan izandako nazio mailako XXVII. Akordeoi lehiaketan eta lehenengo saria Gipuzkoako Lehiaketan, Tolosan.

Matti Rantanen, Mogens Ellegard, Alexander Dimitriev, Friedrich Lips maisuekin ibili da ikasten; Musikaren Historia eta Musika Analisia ikasketak ere egin ditu.

Donostiako Kontserbatorioaren Akordeoi irakasle plaza eskuratu zuen oposizioz 1987an eta 1994. urtera arte hango irakasle izan zen; urte hartaz geroztik Donostiako Musika Eskolako akordeoi irakasle da.

Musika-jakintza sakontzearren, Kontrapuntu, Fuga eta Konposizio ikasketak egin zituen Jesus Maria Alberdi eta Gotzon Aulestia irakasleekin; 6 urtez ibili zen horretan eta ikasketak ohorezko matrikularekin amaitzeaz gain Kontrapuntu eta Fuga saria eskuratu zuen; erdi mailako Konposizio saria eta Konposizioko karrera-amaierako aparteko saria.

Lan egin eta ikasi: akordeoi maisu zela, Konposizio ikasketak eta Donostiako Kontserbatorioan Orkestra Zuzendaritza ikasketak egin zituen aldi berean; bikain notarekin eta ohorezko aipamenarekin amaitu zituen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eman zion beka bati esker Orkestra zuzendaritza ikasketak Erromako AIDA Academian sakondu zituen Bruno Aprea maisuarekin; ikasketa-aldi hura amaitu zuenean Erromako ARTS Academian aritu zen; ohorezko matrikula jaso zuen ikasketa haiek amaitu zituenean; aldi berean, ahots zuriko Eibarko Goruntz abesbatzaren zuzendari zen sasoi hartan.

Gaur egun, zuzendari gonbidatu legez sarritan jarduten du Euskadiko Orkestraren saiakuntzetan Gilbert Varga maisuaren zuzendaritzapean (Euskadiko Orkestrak duen maisu titularretako bat, Cristian Mandealekin batera); Erromara ere joan-etorrian ibiltzen da Nicola Samale bere maisuarekin lan egitera.

Leon hirian ere, Aprea eta Joaquin Achucarro maisuekin, parte hartu izan zuen eibartarrak Piano eta Orkestra Zuzendaritzarako han egiten diren ikastaroen aurreneko edizio bietan.

Tuscaniako Jaialdian aritu zen lehen aldiz zuzendari-lanetan Bulgariako Stara Zagorako Orkrestarekin, Beethoveni buruzko kontzertu baten. Horrez gain, Extremadurako Orkresta Sinfonikoa, Barikoa eta Malagako Concerto Orkresta ere zuzendu izan ditu. Euskal Herriko Gazte Orkrestak (EGO) antolatutako Zuzendarien Jardunaldietan ere parte hartu izan du. 2002. urtean, Ermuan egin zen Txistularien Alardean eskaini zen kontzertuaren zuzendari izan zen; egun hartan, Durangaldeako txistulariek eta Eibarkoek, Ermuko abesbatzak eta Eibarko Goruntz abesbatzak hartu zuten parte.

Besteak beste bere gidaritzapean jardun dute Paek Seun Eung, Juan Carlos Fernández, Jon Plazaola, Sabina Puértolas bakarlariek; Tolosako Orfeoia ere zuzendu du.

Akordeoi irakasle legez bere beharraren emaitza ikusi du bere ikasleek eskuratu dituzten sari garrantzitsuetan: Palacin maisu eibartarrak "Reina Sofia" eta Nazioko Lehiaketetan lehen eta bigarren sariak irabazi izan dituzten ikasleak ditu.

Doktorego ikastaroak egin ditu EHUan, Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpidearen Didaktika arlokoak.

Dokumentuaren akzioak