Batzordea

Oroimena berreskuratzea: Ego Ibarra batzordea.

Mujeres Eibar Ego IbarraIragana ezagutu etorkizuna lantzeko, ardatz horren bueltan jaio zen1989. urtean Eibarko udaleko Ego Ibarra Batzordea. Batzordearen helburu nagusiak, orduko hartan, herriaren oroimen historikoa gordetzea eta Eibarko euskararen ikerketa bultzatzea ziren. Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek eratutako Batzordea da, eta udalkide eta administrazio barruko jendeaz gain, Batzordeak, aholkulariak ere baditu, historiarekiko zaletasuna dutenak eta gure herriko ondarearen aldeko lanean hainbat esparrutan lanean dihardutenak.

Batzordea azken 25 urte hauetan hazten joan den neurrian bere jardunaren esparrua finkatu egin du, beti ere, hasierako asmo edo helburu nagusiak ahazteke. Eibarko ondare historikoa eta kulturala aztertzeko, berreskuratzeko eta zabaltzeko lanaren inguruan, ondokoak dira Batzordeak duen jardunaren ardatz nagusiak, lerro batzuetan laburtuko ditugunak:

  1. Argitalpenak formatu diferentetan: Ego Ibarra Batzordeak hasieratik garbi izan zuen bere zeregin nagusienetakoa zein izan behar zen: herriko ondarearen berri ematea eta ondarea jende orori ezagutaraztea. Ikerketan oinarritutako argitalpenetan ahalegin berezia egin du eta une honetan berrogeita bat liburu dira argitaratu dituenak, horietako bi Internet-erako propio prestatutakoak (Eibarko Lore Jokoak; Ingenios hidraúlicos). Horrez gain, pelikula bi zaharberritu eta editatu ditu (Eibar Industrial, La Bicicleta Eibarresa), dokumental luzeak (Juan San Martin) eta txikiak (Gerrako Umeak) ekoiztu eta kaleratu ditu. Azkena, Atxia Motxia. Eibarko umien kuadernua dugu, txikienentzat egindako joko-koadernoa eta herriko euskaran kaleratutakoa.
  2. Erakusketak: Erakusketa bereziak dira, bertan sortu eta garatutakoak. Horixe baita Batzordeak hedapenaren alde darabilen beste zutabeetako bat Eibarko bizimoduaren eta kulturaren hainbat esparru ezagutarazteko. Aurreneko erakusketa "Eibarko Emakumeak" izan zen, eta ordutik hona 11 izan dira burutu dituenak. Hona hemen: Eibarko Emakumeak (1994); Juan Antonio Mogel 1745-1804 (1995); Eibar: 650. urteurrena (1346-1996); Laixetan, Garixetan (1998); Gregorio Santa Kruz (1998); Armian Animia (2000), Republikia: 1931-2001 (2001); Eibar argipean (2002); Antenan Gaude (2003), Revista Eibar (2005), Gerrako umeak-Los niños de la guerra (2011).
  3. Ikerketak: Lanaren ardatz nagusienetarikoa; hedapenaren sustraia. Ikerlariek egindako lanak dira Batzordearen jomuga eta xede baina herriari buruzko ikerketak egin dituzten kanpoko ikerlariek ere beti dauzkate ateak zabalik. Horrelakoa dugu Eibarko mugarrien inguruan Klub Deportiboko kideek egin dutena eta sarean kaleratutakoa. Azkena, Eibarko eraikin industrial guztien azterketari buruzkoa dugu, 2016. urtean amaituko dena, Mikel Aparicio arkitekto eibartarrarena.
  4. Eibartarren Ahotan ahozko fondoa. Izen horrekin hasi zen 1999. urtean herriko nagusiei elkarrizketak egin eta grabatzeko proiektua, udalean bertan sortu eta garatutakoa, hasierako hartan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak diruz lagundutakoa. Ego Ibarraren webgunean lanaren zati handi bat kalerau ondoren, gaur egun, proiektuak beste bide bat hartu du eta azken urteotan grabazioak berezitu egin dira: 2012. urtean gerrako umeen grabazioak egin ziren; 2015. urteko proiektuetako bat, Eibarko 14 tailer handienetako behargin bana hartu eta grabatzea da.
  5. Fondoak berreskuratzea: agiriekin eta bestelako elementuekin osatutako Fondoak jasotzen eta berreskuratzen ahalegintzen gara. Gehienak partikularrek egindako dohaintzak dira. Horietakoak ditugu Castrillo-Ortuoste fondoa, Irasuegi inprimategikoa edo une honetan esku artean dugun “Santiago Arizmendiarrieta Fondoa”, donazio batetik iritsia eta une honetan sailkatzen ari dena.
  6. www.egoibarra.com. Batzordearen webgunea izan zen Eibarko Udalak kaleratu zuen lehenengo webgunea 2002an. Une honetan 1030 bazkide ditugu, astero, batzordearen buletina jasotzen dutenak. Hauexek dira webgunearen atal nagusiak: Eibar (historia, ondarea, baserriak eta auzoak, kale-izendegia), Argitalpenak (liburuak eta salmenta, Revista Eibar, Bideoak, gastronomia, Eibarko idazleen datu-basea...), Eibartarrak, eta Argazkiak (txirrindularitza, Nodoa, Gerrako umeak, mugarriak...)

Orain arte jorratu den bidezidor berberetik, hau da, pausu txikiak baino sendoak emanez, etorkizunari begira, hausnarketa sakon bat egiteko premia ikusten da, eta egin baino gehiago eragin izan beharko litzateke batzordearen jomuga, iragana ezagutzen ez duen herriak etorkizunik ez duela dioen lelo zaharra inoiz ahazteke.

Dokumentuaren akzioak