Javier Gorosabel, astrofisikua: "Zerura begiratzia gustatzen jata, baiña oiñak lurrian eukitta"

Javier Gorosabel, astrofisikua: "Zerura begiratzia gustatzen jata, baiña oiñak lurrian eukitta"
2012/10/30 eta kitto!

- Zelakua da astrofisiko baten biharra?
Zeruan daguazen astruak begiratzen dittugu, bertatik informaziñua batzeko eta, ondoren, fisika eta matematikako formula diferentiak erabillitta, gure kalkuluak etara eta zeruan zer daguan esateko.

- Eta zelan pentsau zenduan hau ikasi eta honetara dedikatzia?
Umetatik euki dot zeruan ikusten diran izarreri-eta begiratzeko zaletasuna. Ahal neban guztietan, teleskopixo txiki bat beso azpixan hartuta Elgetako bidera juaten nintzan izarreri begiratzeko.

- Ikerketara dedikatzen dan zentruan diharduzu, baiña zelakua da zure eguneroko biharra?
Ba zoritxarrez gero eta papeleo gehixago egittia tokatzen jata eta, beraz, ikerketarako dakaten denporia gitxitzen doia. Kontua da teleskopixuak erabilli ahal izateko konpetiziño oso haundixa dakagula geure artian, gaba bakarra teleskopixotik begiratzen emotiak dirutza balixo dau-eta, horregaittik, ordu batzutan erabilli ahal izateko aukeria eukitzeko lehiaketak antolatzen dittue eta horretara presentatzeko proiekto haundixak eta dokumentaziño mordua preparau bihar da. Baiña, halako batian teleskopixua erabiltzeko aukeria lortzen dogun bakotxian, dakagun denporia ahalik eta onduen erabiltzen dogu ahalik eta dato gehixen batu eta gero, artikulo zientifikuak idatzitta, gure ikerketaren emaitzak ezagutzera emoteko. Teleskopixuak Kanarietan, Sierra Nevadan, Amerikako Estatu Batuetan eta beste toki askotan dagoz, baiña munduko onenak Txilekuak dira eta, jakiña, hórretako bat erabiltzeko aukeria eskuratzia benetan gatxa da.

- Zeuen biharraren barri emoten daben artikuluak, baiña, ez dagoz edozeiñen eskura, ezta?
Hala da, zoritxarrez gehixenetan oso argitalpen espezializatuetan baiño ez dittugu argitaratzen eta  gaiñera, ixa beti ingelesez idatzitta. Ez da harritzekua jendiak gure biharraz hain gitxi jakitzia.

- Edozelan be, zeuen inbestigaziñuak badaka eragiñik gure bizimoduan?
Eragiña mailla bittan neurtu geinke: lehelengo mailla batian, deskubritzen dittugunak gure haurreri eskoletan erakusten detsaguzenak dira. Eta bigarren mailla batian, guk deskubridu dittugunetako batzuk inpakto teknologikua euki dabe, adibidez, sukaldian gauzak epeltzeko erabiltzen dittugun mikrouhiñetan, hegazkiñetarako materixal barrixen garapenian eta beste hamaika gauzatan.

- Oin dala gitxi mundu osuan egon giñan espaziora begira Felix Baumgartnerren saltua ikusteko. Zelan ikusten dittuzu holakuak?
Zientziaren aldetik ez detset topatzen aparteko interesik, baiña eukitzen daben inpakto mediatiko haundixarengaittik akaso baten bateri espaziuarenganako jakinmiña pizteko balixo leikie. Hortik kanpora ez detset beste interesik topatzen.

- Ez jatzun gustauko biaje espazial horretakoren batian parte hartzia?
Betidanik holako kontuetarako nahiko beldurtixa izan naizela aitortu bihar dot eta ez dakat holako tentaziñorik. Zerura begiratzia gustatzen jata, baiña beti be oiñak lurrian eukitta.

Soslaia
Javier Gorosabel Urkia Eibarren jaixo zan 1969ko urriaren 27xan. J. A. Mogel ikastolan eta I. Zuloaga institutuan ikasi eta gero, Zientzia Fisikuetan diplomau zan Leioan. Astrofisika espezialidadeko lizentziaturia Madrilgo Complutensean lortu (1992) eta urte bira Oiñarrizko Fisikakua be eskuratu eban. Doktore tesixa ESA Europako Agentzia Espazialaren satelitien jarraipenerako estaziñuan garatu eban (1994tik 1999ra) Villafranca del Castillon (Madril) eta Valentziako Unibersidadian aurkeztu eta defendidu eban 1999xan bertan. Copenhaguen, Niels Bohr Institutuan bekaduna izan zan (2000-2001) eta hurrengo urtian atzera be bekia emon zetsen, baiña Andaluziako Astrofisika Institutuan Ikerketa Zientifikuen Kontseillu Gorenian (CSIC) jarduteko. 2003an NASAk kontratau eban Baltimoren daguan Hubble espazio-teleskopixuaren zientzia instituturako. Handik Andaluziako CSICra bueltau zan eta 2006xan zentru horretan zientifiko titularra izateko tokixa lortu eban lehiaketan. Harrezkero bertan dihardu.