Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

1739ko bando zahar bat , besteak beste, etxera erretiratzeko ordua arautzen zuena; garai hartan ere ez ziren denak konforme egongo.

2021/06/02
Alkateak bando bat atera zuen herritarren artean sortzen ziren tirabirak-eta arautzeko; 17 agindu ziren guztira, eta eguneroko bizimoduko hainbat gai aztertzen ziren bertan: zaratak, garbitasuna, saltokiak...

"Atzo goizeko ipuinak", Jose Antonio Azpilikueta

1739ko urriaren 10ean Diego de Iriondo Zezeil alkateak bando bat jo zuen  obligazio eta debeku zerrenda baten berri emanez, "para el mayor acierto en el gobierno político de esta villa y para que llegue á noticia de todos y nadie pretenda ignorancia”.

Herri guztiek behar dituzte beren lege eta araudiak, bizilagunen arteko tirabirak eta eguneroko bizimoduan sortzen diren arazoei konponbidea emateko. Bandoak, hala,  herri barruko gobernu onaren jardunbidea arautzearren, hainbat gai jorratzen zituen, segurutik kexa ugariren iturri izango zirenak: jokoa, garbitasuna, saltokiak, zaratak… Guztira 17 agindu eta debeku jasotzen ziren; hona hemen horietako batzuk:

3. Queda edo erretiratzeko kanpaia jotakoan denak etxera joan bihar ziren: ezin zen inor ibili desorduetan, ez armekin, ez arma barik, ez aldran, ez bakarrik; isuna 15 erreal eta 15 egun kartzelan zen.

9. Tabernetan ezin zen karta jokoan egin, “ni permitan se juegue en ellas, vino ni dinero”: bestela isuna eta kartzela, bai tabernari (15 erreal eta 8 egun kartzelan), bai jokalariei (6 erreal eta 6 egun kartzelan).

10. Neguan, iluntzeko 8etatik, eta udan 9etatik aurrera, ezin zen jendea eduki etxean fiestan (“en zambras”), jokoan edo edanean; zigorra denentzat zegoen, kanpotik joandakoei (lagun bakoitzeko 12 erreal eta kartzela) nahiz jabeei (bikoitza); “porque de este modo se exponen al dispendio de sus casas, ruidos y pendencias, causando el desorden en sus familias cuando hacen falta en ellas”.

11. Ezin zen ez karerik ez zaborrik bota erreka nagusira, eta errekatxoetara ere ez. Agorrean ere ezin zen egin ("agotarlos"), San Juanetako astean eta Arrateetako astean izan ezik, baimena eskatuta.

13. Inork ez dezala jarri ez plazetan ez kale publikoetan inolako generorik jendearen igarobidea oztopatuko duenik.

15. Herriko plazan eta kaleetan tabako orria erretzea debekatuta zegoen: bakoitzak bere edo beste baten etxean, edo herriko hormetatik kanpora erre beharko zuen.

Pedro Sarasquetak bere liburuan ere jasotzen du bandoa, eta, gainera, halako iruzkina egiten dio: "Brindamos el anterior bando á todos los errondalaris con que Eibar cuenta en al actualidad y a los cuales los serenos encargados de la vigilancia dan siempre el aviso, á golpe de chuzo sobre el pavimento, de haber llegado la primera hora del nuevo día”.

Ez dakigu garai hartan serenorik ba ote zegoen, baina orduan ere etxeratzeko ordua kanpaia jota edo jo gabe bazen xextrarako motibo: batzuk lasai lo egin nahi, beste batzuk festan jarraitu...

Dokumentuaren akzioak

etiketak: 675urte