Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Arrateko Santutegia

Arrateko Amaren Santutegia da eibartarrek gogokoen duten lekua. Eibarren dago, herritik hara 7 km. eta erdi daude errepidez; itsas mailatik 532 metrora.

arratekosantutegia.jpg Agiriek diotenez 1498. urtean bazegoen jasota eliza baina gaur egun ezagutzen duguna XVII. mendearen hasieretakoa da.

1563. urtean, Pio IV. Aita Santuak brebea luzatu zuen, Eibarko herriari baimena ematen Arrateko Amaren jaia irailaren 8an egiteko. Ordurarte, Arrate eguna abenduaren 8an izaten zen baina neguko hotza eta elurteak egun hartan otoitz egitera joaten zirenendako oztopo handia zirela-eta Aita Santuak eguna aldatu zuen.

Barruan, Sortze Garbikoaren irudia aurkitzen da.

Aldare nagusia kripta bat da, lurra axuleiuekin jantzia. Hantxe aurkitzen da Arrateko Ama semea besoetan duela. Amabirjinak aurpegi goxoa erakusten du. Kriptaren gainean, adreiluzko zorua duen kapera aurkitzen da, Jesukristorena, XVIII. mendearen erdialdean egindako lapurreta baten salbatu ziren erlikia batzuk oraindik gordeta dauzkana.

1584. urtean, Andres de Otaolak Arrateko Amabirjinari koroa eder bat eman zion; eskaintza egin zuenaren izena eta eskaintza egin zeneko eguna idatzita dauzkan koroa.

Sarreran, ur-bedeinkatuaren ontzia du, gotikoa, antzina-antzinako elizaren lekuko. Garai haietan, elizaren ondoan, Santiago bidea egiten zutenei ostatu emateko lekua zegoen.

arratekoamarenirudia.jpg 1667ko maiatzaren 15ean herriko kontzejuak egindako bilkuran, Alkateak edo Endoreak hauxe jakinarazi zuen: Eibarko Frai Jose de Echebarriak, Arrateko organoa egingo zuela, eta bere eskulanaz gain, organoa egiteko behar zen materiala jartzeko prest zegoela. Alkateak esan zuen obra hura egiteko 200 dukat behar zirela eta herriko jendearen artean batu behar zela diru hura. Hala egitea erabaki zen eta herri guztiak hartu zuen parte organoa egiterakoan, baita herriko kontzejuak ere. 1674. urtean Pedro Lopez de Iñarrak kantorala eskaini zion Arrateko santutegiari. 1709. urtean, dorreko kanpai txikia egin zen han azaltzen den testuak Sancta Maria de Arrate ora pronobis 1709 dio. Arrateko kanpai nagusian Nuestra Señora de Arrate ora pronobis 1731 dago idatzita.

1904. urtean, Ignacio Zuloaga pintoreak lau pintura eskaini zizkion Amabirjinari, otoitz egiten dauden erromesen irudiekin.

Dokumentuaren akzioak