XVII. mende bukaerako San Juanen eskultura barrokoa zaharberrituko du Eibarko Udalak
Ego Ibarra Batzordeak sustatuta, Eibarko Udalak XVII. mende bukaerako San Juanen eskultura zaharberrituko du. Barroko garaiko eskultura polikromatua da, atzetik hutsik dagoena eta erretaula baten parte izan zena.
Irudi honen historia luzea da. Ulsaga pasealeku zaharrean, gaur egun Untzaga plaza, San Juan ermita zegoen, eskuinaldetik Errege Etxeari atxikia. Aldarea, presbiterioa eta nabe bakarra zituen. XVI. mendearen erdian eraiki eta 1901ean eraitsi zuten, Ramon Cortazar arkitektoak udaletxeko eraikin berria egiteko eta plaza handitzeko proiektatutako obrak egiteko.
Ospitale berria ere 1901ean eraiki zen, kapera San Juan bataiatzaileari eskainita. Horregatik, aldare nagusian ordura arte Ulsagako ermitan egon zen santuaren irudia jarri zen.
1980an, irudia zaharberritu egin zen, oso hondatuta zegoelako. Juan San Martinek lehen balorazioa egin zuen, eta, haren jarraibideekin Santillana del Marreko moja klaratarrek egin zituzten zaharberritze-lanak.
40 urte geroago, eskulturaren egoera ez da ona. Zaharberritzaileek egindako lehen ikuskapenaren arabera, begi-bistakoa da, obra gaizki manipulatzearen ondorioz, kolpeak jaso dituela elementu nabarmenenetan, hala nola eskuetan eta ertzetan. Piezen lotura-eremuetan pitzadura handiak ikusten direla adierazi dute, batez ere tenperatura- eta hezetasun-aldaketa bortitzak direla-eta egurrak egiten duen mugimenduak eraginda. Gainazalean zehar ikusten da polikromia galdu duela, euskarria bistan utziz.
Adituen iritziz, kontuan hartuta kontserbatzen diren garai hartako elementuak gutxi direla eta ondare-ikuspegitik balio handiko elementua dela, Ego Ibarra Batzordeak eskultura zaharberritzea erabaki du.
