how to add a hit counter to a website
Logo Eibarko Udala Español

Eibarko Udalak Ego Ibarraren webgunea berritu du

Codesyntax enpresarekin elkarlanean egindako berrikuntzaren helburua da espazio digital irisgarriagoa eta intuitiboagoa eskaintzea.
Eibarko Udalak Ego Ibarraren webgunea berritu du
2026/10/30

Eibarko Udalak Ego Ibarraren webgunea berritu du, batzordeak Eibarko ondare historiko eta kulturalaren inguruan egiten duen lana ezagutarazteko eta herritarrei informaziorako sarbidea errazteko. Web-orri berriak edukien antolaketa argiagoa eta intuitiboagoa eskaintzen du, informazioa errazago aurkitzeko eta eskura dauden baliabideak kontsultatzeko. Berrikuntza Codesyntax enpresarekin elkarlanean egin da. 

Interneteko atari hau funtsezko tresna da Ego Ibarraren jardueraren eta proiektuen berri emateko. 1990eko hamarkadan sortu zen, eta, ordutik, hilero albisteak argitaratzeaz gain, batzordeak garatutako proiektuei buruzko informazioa ere eskaintzen du. 

Ego Ibarra Batzordea 1989an sortu zen, Eibarko memoria historikoa gordetzeko eta herriko euskararen ikerketa bultzatzeko helburuarekin. Urte hauetan, batzordea hazten joan da, eta, hasierako helburu horiei eutsiz, bere jardun-esparrua finkatu du. 

Gaur egun, Ego Ibarrak Eibarko ondare historikoa eta kulturala aztertu, berreskuratu eta zabaltzen du. Hauek dira bere jardunaren ardatz nagusiak: 

  • Argitalpenak egitea
  • Erakusketak antolatzea
  • Ikerketa sustatzea
  • Eibartarren Ahotan ahozko funtsa lantzea
  • Funts historikoak berreskuratzea

Berrikuntza honek Ego Ibarrak Eibarko ondarea aztertzeko eta zabaltzeko duen konpromisoari erantzuten dio. Espazio digital berriaren bidez, ondarearen eta historiaren balioa nabarmendu nahi da, haien ezagutza erraztu eta herritarrengana hurbilduz. 

Webguneak oinarrizko tresnak dira ondarea ezagutarazteko eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko. Hala, espazio digital berriak Ego Ibarraren lana ezagutarazteaz gain, Eibarko ondarea ikertu, zabaldu eta transmititzeko erreferentziazko gune gisa duen eginkizuna indartzen du.