"Amaña Hauzoa" izeneko orrixka xumeetatik "Gure Herria" aldizkari sendora: Ego Ibarra batzordeak Gure Herria auzo-elkarteak 70ko hamarkadan argitaratu zuen aldizkariaren ale batzuk digitalizatu ditu eta webgune honetan kaleratu.
Ego Ibarra batzordeak Gure Herria auzo-elkarteak 70ko hamarkadan argitaratu zuen aldizkariaren ale batzuk digitalizatu ditu eta webgune honetan kaleratu.
Amañan sortu zuten talde hartan auzoko pertsona ugarik eta elizarekin zerikusi zuzena zuen jende askok hartu zuen parte; Amañako parrokiako lokaletan biltzen ziren lan egiteko eta auzoa hobetzeko. Izen asko zeuden mugimendu haren atzean: Luis Ramos, Juan Jose Igarza, Roberto Blasco, Maite Hernando, Kontxi Saez, Manolo Contreras, Patxi Lendinez, Juan José Pérez, Mikel Usabiaga…
Gainontzeko auzoak ere martxan hasi ziren eta auzo bakoitzak bere ordezkariak zituen. Herri-mugimendu zabal hartan parte hartu zutenetatik izen banaka batzuk baino ez ditugu gogora ekarriko: Urki aldekoak ziren Mikel Garate, Juan Carlos Santos edo Ramon Uranga; erdialdean zebiltzan Esther Galarza, Javi Usobiaga eta beste hainbat; Legarren, Jon Irisarri, Iñaki Aguirre eta Fernando Retolaza eta beste talde bat; Ipuruan, Luis Arana eta Juan Cruz López; Jardiñetan, Mertxe Aguirrebeña; Txontan, Ramon Mandiola… 1976an egindako Batzarrean eratuta geratu zen elkartea: Mikel Usobiaga izendatu zuten presidente; Ramón Uranga, presidenteorde; idazkari, Esther Galarza; eta Fernando Retolaza, diruzain. Kulturalean biltzen ziren.
Ikastaroak, hitzaldiak, eztabaidak eta erakusketak antolatu zituzten; Eibarren ematen ziren filmen inguruan Juan Eguiak egindako informazio-orrixkak banatzen ziren herri osoan. Bere sasoian, Gipuzkoako auzo-elkarterik sendoena izatera iritsi zen Gure Herria: Gipuzkoako Auzo Elkarteen Koordinakundearen sorrera piztu zuen eta handik urte batzuetara eratu zen Euskadiko Koordinakundean ere parte hartu zuen.
Elkarteak kuota ordaintzen zuten 200 bazkide inguru izan zituen Amañan; Eibarren 400 bat inguru ziren. Hortik jasotako diruari esker kaleratzen zuten Gure Herria aldizkaria, hirigintzaren aldetik ikusten zituzten gabeziak eta akatsak salatzeko, eta, aldi berean, auzoek zituzten premiak eta beharrak bistaratzeko, argazkiekin eta Boni Martínez bezalako marrazkilari aparten lanekin. Amañan atera ziren aurreneko aldizkari haiek multikopistaz egin zituzten, eta, normalean, Karitasetakoa erabiltzen zuten.
Gure Herria elkartearen azkeneko sasoian Eibarko Arau Ordezkatzaileak egiten lagundu zuen eta auzoz auzo zabaltzen.
Digitalizatutako ale bakan hauek 1976, 1977, 1978 eta 1981 urteetakoak dira.
Dokumentuaren akzioak