Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Argazkiak mintzo: gure historiaren erretratu-geruzak Eibarko kaleetan.

2017/12/15
Ego Ibarra batzordearen aurtengo lan-plangintzan herriaren memoria bisuala indartzea zen xede. Horretarako, Ipuruako futbol zelaiaren sarreran, Untzagako Jubilatu Etxearen aurrealdean eta Karmengo elizaren ondoan hiru argazki handi jarriko dira.

Abenduaren 18an, hiru argazki hauek jarriko dira:  emakumeen "Eibar" futbol taldearena (1971);  Urkizu aldearen bista orokorra (1960), eta  Untzaga plaza eta kiosko zaharra, 1910eko argazkia

Emakumearen presentzia Ipuruako argazkian dakusagu: “Eibar” emakumeen futbol taldea, Ipuruako zelaian bertan jokatzen zuen taldea. Hauexek azaltzen dira argazkian: Vega Solas (atezaina), Marisol Lahidalga, Marivi Ocamica, Elena Perez, Elisabeth Aldalur, Judith Santos, Timo Treviño, Josune Sarasketa, Mertxe Baglietto, Marisa Gorrotxategi, Amelia Pintado, Almudena Urizar eta Conchi Alonso. Teknikariak gizonezkoak ziren: Mikel Iceta, Txemi Arregi eta Fito Saez. Argazkia Segundo Varela Petite argazkilari eibartarrena da.

Industriaren indarra eta herriaren bilakabidea Urkizu aldeko 1960ko argazkiak damaizkigu: Orbea fabrika, txaleta, lorategiak eta elizatxoa hor agertzen dira; eskuman, Bittor Sarasketa aldea eta tren-geltokia, ‘estaziñoa”; ezkerrean, Urkizuko okindegia eta Lasa eta Azcoagaren fundizioa. Argazki hori Eibarko Udal Artxiboak ondo gordeta dauzkan milaka argazkietako bat da, eta Hirigintza eta Obra Funtsak bildumakoa dugu.

Herriaren bihotza edo Untzaga plaza; horixe da 1910 inguruko argazkian azaltzen dena eta Eibarko Jubilatuen Etxeko kideek beren fatxadan jartzeko aukeratu dutena. Sasoi hartan Alfontso XIII. Plaza izena zuen eta musikako kiosko zaharra ikus daiteke, Beasaingo Udalari saldu eta gaur egun herri hartan dagoena. “La Marcial” Musika Bandak domekero jotzen zuen kiosko horretan. Argazki hori ere Udal Artxiboaren eskuetan dago, Castrillo Ortuoste Fondokoa hain zuzen ere.

Urtarrilean, lekuak ganoraz prestatu ondoren, beste hiru argazki jarriko dira Ermuko sarreran, Azitaingo gasolindegiaren ondoan eta Toribio Etxebarria kalean.

Argazkiak dira mintzo; erretratuz erretratu goaz harikaltzen herriaren historia.

Argazkian “Eibar” taldeko jokalariak (1971): Vega Solas (atezaina) Marisol Lahidalga, Marivi Ocamica, Elena Perez, Elisabeth Aldalur, Judith Santos, Timo Treviño, Josune Sarasketa, Mertxe Baglietto, Marisa Gorrotxategi, Amelia Pintado, Almudena Urizar, Conchi Alonso. Teknikariak: Mikel Iceta, Txemi Arregi, Fito Saez. Argazkilaria:  Segundo Varela Petite

 

"Eibar" futbol taldea (1971)

Urkizu aldearen bista orokorra (1960)

 

Untzaga plaza eta kiosko zaharra (1910)

Dokumentuaren akzioak