Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Arrateko Amaren irudia Erdi Aroko ama birjinen irudikapen artistikoen adibide garbia

2024/09/06
Aurten ere, irailaren 8an, eibartarrok Arrateko jaia ospatuko dugu, gure zaindari gogokoenaren omenez. Guztiok ezagutzen dugu Arrateko Amaren irudia, baina oraingoan bere balio artistikoan sakonduko dugu.

Arrateko Amaren irudia atzetik hutsik dagoen egurrezko eskultura polikromatua da, XIV. mende hasierakoa, erromaniko eta gotikoaren trantsiziokoa hain zuzen ere. Elizaren erretaularen erdian dago kokatua, idulki baten gainean, eta Ama Birjina eseriaren errepresentazioa da. Eskuineko eskuan fruitua du eta ezkerreko hankaren gainean Jesus haurtxoa dago eserita. Haurrak esku batean liburuari eusten dio eta, bere jainkotasunaz erabat jabeturik, beste eskuarekin bedeinkatzen du.

Sasoi horretako ikonografiaren eredu garbia da eskultura hau, oso ohikoak baitziren horrelako imajinak. Erromaniko berantiarrean hasi zen Ama Birjinaren gaia lantzen eta gotikoan hartu zuen berebiziko protagonismoa. Garai erromanikoan gai horren forma preziatuenetako bat Ama Birjina haurra magalean eseria irudikatzen duena da, Maria jainkotasunaren egoitzatzat hartzen dela adieraziz. Garai gotikoan, aurrekoarekin konparatuz, eskulturak naturaltasun handiagoarekin lantzen hasi ziren, “humanizatu” egiten zituzten, amaren eta haurraren arteko erlazioan sakonduz.

Arrateko Amaren irudiak hainbat moldaketa izan ditu denboran zehar. Adibidez, irudiei mantuak jartzeko ohiturarekin batera, Jesus haurtxoaren eta eskuineko eskuaren kokapena aldatu zioten. Gaur egun, jatorrizko forma berreskuratu du.

2007. urtean eskultura Arrasateko CM tailerrean zaharberritu zen, oso egoera txarrean zegoen eta. Urte horretan egindako lanak artelanaren kontserbazioa izan zuen helburu nagusia, jatorrizko materiala suntsi zezaketen zaharberritze sakonak saihestuz.   

Baliteke Arrateko Ama izatea Gipuzkoan eta, seguruenik, Euskal Herrian “Sortzez Garbiaren” izendapena jasotzen lehena. XIII. mendearen erdialdetik gurtzen da, eta Eibarren eta inguruetan duen garrantziaren adibide garbia dugu euskal folklorean izan duen eragin handia, abesti herrikoi ugarien protagonista baita.

Dokumentuaren akzioak