Beharraren memoria batzen: Ego Ibarrak 2018an batutako testigantza paregabeak sarean.
Miren Lorea Lasa eta Lorenzo Zabala
Lorenzo Zabala eta Miren Lorea Lasa senar-emazteek Motobic, Norma ea Precicontrol tailerren sorrera eta nondik norakoez gain, sasoi hartako hainbat kontu eta ipuin damaizkigute. Lehenengo lantegia Aranen (Eibar) jarri zuten; "Moto-bicicleta"-tik atera zuten Motobic izena. Han ekoiztu ziren lehenengo motorrak. Leku faltak eragin zuen tailer hura Txontara eraman behar izatea, eta handik, 60ko hamarkadan, Abadiñora. "Precicontrol" enpresa motorren ekoizpenerako doitasun-erreminta gabeziak eragin zuen. Lorenzo Zabalak dioenez, garai hartan oso ohikoa omen zen Eibarren norberak bere tailerra abiaraztea.
Ignacio Ugartechea arma-fabrikatzailea Ardantza kalean jaio zen, Armeria Eskolan burutu zituen goi-mailako ikasketak eta aitak sortutako arma-fabrikan jardun zuen baskulak egiten, harik eta fabrika bere eskuetan geratu zen arte. Egiten dituen adierazpenetan ederto jasotzen du baskula bat egiteko egin behar diren lan guztiak eta “Armas Ugartechea”n produktuaren kalitateari ematen zitzaion garrantzia.
Rafael Osoro Osintxun jaio zen. Soldadutza amaitu eta Eibarko AYRA DUREX lantegian sartu zen. Autoentzako ordezko piezak eta "Destroyer" karabinak ekoizten zituzten sasoi hartan. Erretiroa hartzeko garaia iritsi arte jardun zuen Rafaelek Ayra Durex-en.
Jose Antonio Albizu hamalau urterekin hasi zen Eibarko "Aguirre y Aranzabal" (AYA) lantegian grabatzaile moduan. Aprendiz bezala jardun zuen Jose Rodriguez "Errekalde" grabatzailearen agindupean, eta 1985. urtera arte ibili zen beharrean AYAn. Armagintza sektoreak jasan zuen gainbehera hartan bere kontura hasi zen etxeko sukaldean grabatzaile lanean, erretiroa hartu arte.
Enrique Franco Albizuri eibartarraren aitak Tejidos Franco oihal-denda zuen eta umetan bera ere han ibili zen lanean. Armeria Eskolan ikasketak bukatu eta 16 urterekin hasi zen lanean. Alfan beharrean zegoela DEJ enpresa sortu zuen beste 3 lagunekin (Danel Zenarruzabeita, Enrique Franco eta Javier Sologaiztua, izenen lehenengo letrekin osatu zuten fabrikaren izena). DEJ tailerra lehenengo Errekatxu kalean egon zen; gero, Bar Donostiren ondoan zegoen eraikin industrial batera joan ziren eta handik Otaola hiribidera. “Ahal danian, dana; eta ezin danian, ahal dana” Eibarko esaera zahar jatorra dakar Enriquek gogora.
Pablo Aranceta Uberan (Bergara) jaio arren, hiru urte zituela etorri zen Eibarrera gurasoekin. Soldadutza amaitu ondoren hasi zen lanean Cerámica Eibarresa lantegian Paco Larreategiren eskutik. Aprendiz moduan hasi zen eta 2005. urtean itxi zenera arte jardun zuen bertan lanean.
Kaleratzen ditugun adierazpenok ondo egindako lanaren testigantzak dira.
Dokumentuaren akzioak