Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Berdintasunerako bide luzea", Euskadiko emakumeak XX. mendean erakusketa martxoaren 3an inauguratuko da Portalean

2022/02/24
1900etik 1985era bitartean euskal emakumeek igotako aldapak eta bidean aurkitutako zailtasunak islatuko dira bertan.

Ardantzako labaderoko garbitzaileak XX. mendearen hasieran garbitzeko behar zituzten gauzekin. Argazkia: Rosario Aramburu Bilduma (Ego Ibarrari utzitakoa)

XX. mendeko Euskal Herrian emakumeen historia aurrerapausoz eta atzerapausoz beteta egon da. Gizartean, lan-munduan, esparru juridiko eta politikoan emakumeek ezagutu duten egoera hauskorra oso lotuta egon da gizartea eraldatu duten aldaketa politikoekin. Emakumearen egoeraren bilakaera historikoa gizarteak, politikak edo erlijioak inposatu nahi izan dituzten “emakume-ereduen” arteko borrokan islatu da, eta emakume eta gizon batzuek “eredu” horien kontra egindako borrokan.

II. Errepublikan, emakumearen eskubideak onartu ziren eta hori, hein batean, XX. mendearen hasieran egindako berdintasunaren aldeko aldarrikapenek egin zuten posible. Frankismoak inposatutako “negu luzeak” ordea, eskubideen galera ekarri zuen, eta ez bakarrik emakumeentzat. Diktadorea hil osteko demokraziaren ezarpena berdintasunerako bide luze baten hasiera izan zen, gaur egun ere oraindik egiten ari garan bidea.

Erakusketa honek emakumeek beren eskubideen alde eta benetako berdintasuna lortzeko egin duten eta egiten ari diren borroka latza kontatzen du irudi, dokumentu eta objektuen bidez.

Erakusketa-aretoaren beheko aldean, 35 panel egongo dira, 6 ataletan banatuta: Etxeko Aingeruaren eredutik Emakume Modernoaren eredura (1900-1930); II. Errepublika (1931-1936), agertoki berria berdintasunaren bidean; Gerratearen urte ilunak (1936-1939); Frankismoa (1939-1975) –emakumea berriro etxe barrura bueltan; eta Berriro eskubideak berreskuratzen hasi zireneko urteak (1975-1985).

Panelez gain, Udal Artxiboko interes handiko hainbat dokumentu egongo dira ikusgai eta baita Eibarko emakumeen rolarekin lotura duten Armagintza Museoko elementuak ere. Nabarmentzekoak dira Goi Argi elkartearen hasiera-hasierako akta, 1951ekoa, edo 1982ko Familia Plangintza Zentroaren aurreproiektua —planinga izenez ezagunagoa—, 1982koa.

Egitura orokor horretan txertatuta eta herrira etorriz, atal bat egongo da goiko kupulan Eibarri bereziki eskainia. Bertan Badihardugurekin elkarlanean egindako dokumental bat ikusi ahal izango da “Emakumearen hitza ez da ur gaineko bitsa / Palabra de mujer” izenekoa, Eibarko hainbat emakumeren bizi-testigantzak jasotzen dituena; horrekin batera Eibarko 100 emakumeren argazkiak jarriko dira hormetan eta gogoeta egiteko liburu bat ere egongo da nahi duenak gaiarekiko bere iritzia idatz dezan.

Eduki nagusiak EHU-UPV-k eta Mario Onaindia Fundazioak egindako lanean oinarritzen dira. Eta Eibarko erakusketa, Ego Ibarra Batzordeak eta Berdintasun Batzordeak antolatu dute, EHU-UPVrekin eta esandako  Fundazioarekin batera. Gazte jendeari begira antolatu ere,  mezu argi honekin: oraindik egiten ari garen bidea, berdintasunerako bidea, luzea da, eta berehala gal daiteke lortzea asko kostatu dena.

DBHko 4. mailako eta Batxilergoko ikasleak dituzten Eibarko ikastetxeek (Eibar BHI - Institutua, Aldatze-Nuestra Señora de la Providencia eta La Salle) eskola-orduetan haientzat antolatu diren bisita gidatuetan hartuko dute parte.  Erakusketa martxoaren 3an hasi eta 27an bukatuko da, eta Portaleko ohiko ordutegian bisitatu ahal izango da.

Dokumentuaren akzioak