Eibarko Antzerki Jardunaldiak: Chema Cornago gogoan
Chema Cornago. Argazkia: Felix Morquecho
Helduendako dozena bat inguru antzezlan, umeendako eta familia-giroko ekoizpen bi, antzerki-eskola biren emanaldiak, estatua bizidunen erakustaldia eta "Antzerkia zinemagintzan" zikloa. Chemak nahi izango zukeen moduan, dena prest. Ikusi programa osoa PDF formatuan.
Chema Cornagoren omenezko bideoa ere editatu dute ikusgai dago Egoibarraren webgune honetan bertan ere.
Chema Cornago García, 1950-2012
José Mª Cornago García, "Chema”, Zaragozako Novallas herrian jaio zen 1950eko urtarrilaren 22an, baina berak zioenez, kasualitatez. Tuterarra ba rne muinetaraino, umetan Ebro ibaiaren ertzak ondo asko ezagutuko zituen; Tuteran egin zituen ofizialtza eta industri maisutza ikasketak.
1972an hasi zen "Uni”an lanean -Eibarko Unibertsitate Laborala 1968ko abenduaren 17an inauguratu zuten, klaseak ematen hasi zirenetik hile batera- eta, lanean ziharduela, bertan egin zituen elektrizitate adarreko Ingeniaritza teknikoko ikasketak. 1980an ikasle-egoitzaren zuzendari izendatu zuten eta lanpostu hartan segitu zuen harik eta 2012ko urriaren 25ean, gazte oraindik, hil zen arte. Ikasle-egoitzaren ardura bere eskuetan izan zuen urte guzti horietan. Milaka izan dira handik pasatu diren gazteak eta ez hain gazteak; bertan, era guztietako ekitaldiak eta gertakizunak antolatu dira, eta Chema denetan egoten zen beti adi, beti laguntzeko prest, irribarre handia aurpegian eta hitz goxoren bat ezpainetan.
Juan Ortegarekin batera, Eibarko Antzerki Jardunaldiak asmatu zituen. Jardunaldiok aurten betetzen dute 36. urtea, baina gure bikoteak, aurretik ere, bizpahiru urtetan, antolatu zituzten antzerki-emanaldi batzuk. Biei esker ditugu baita Eskolarteko Antzerki Erakusketa arrakastatsuak. Eta Chemaren bizitzaren zertzelada txiki honetan ezin dira bazterrean utzi "Narruzko zezen" sariak, hor ere, nola ez, buru-belarri sartuta baitzegoen. Izen bereko antzerki-taldeko gazteak izan dira Chema zenari eta Juani beti lagundu izan dietenak; noski, "Uni Kultur Elkartea” ahazteke.
Jakin-nahia eta bizitasuna zerion; azkarra eta adeitsua, Chema Cornagok Eibarrera ekarri zituen Tolosako Abesbatza Lehiaketaren eta Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia. Eibarren alde eta herria goratzeko behar zen guztietan lan egiteko prest, eibartarra genuen alde guztietatik, ez jaiotzez, konbentzimenduz baizik.
Julia Delgadorekin ezkondua, seme-alaba bi izan zituen, José Ignacio eta Laura. Chemak ez du izan Inés txikia ezagutzeko aukerarik, otsailaren 5ean jaio zen Lauraren alaba, baina, seguru asko, sehaska doinuko jotaren bat egongo da ume jaio berriari kantatzen dagoen lekuan dagoela.
Dokumentuaren akzioak