Eibarko eraikinak: Gaspar Arizaga
Gaspar Arizaga
Gaspar Arizaga tailerdunak, Eibarko tren geltokiaren aurrean zegoen bere jabetzako orube batean -gerra sasoian suntsitu zen etxe bat zegoen lekuan- Raimundo Alberdi arkitektoak egindako proiektuaren arabera, eraikin berri bat jasotzeko baimena eskatu zuen 1946ko bukaera aldean.
Arizagak, bere etxebizitza eta bere eskopeta tailerra nahi zituen bertan jarri. Aipatzekoa da eraikina jasotzeko justifikazio-txostenean edo memorian, zeuden behar edo ofizio guztien artean armagintza garbienetarikoena eta gutxien molestatzen zuenetakoa zela esatea; hala ere, makina-gela sotoan jarriko zuela.
Hormigoizko egitura batekin eraikia, Arizaga eraikinak sotoa eta bi solairu ditu, orografiak hala eskatuta ur-tantan itxurako trazatukoak. Hor zeuden tailerra eta bulegoak. Beste goiko solairu biak berriz, luzera txikiagoko eta oin erregularragoko gorpu batean sartutakoak, etxebizitza edo bizileku ziren.
Kanpoko aldetik ikusita, etxearen lau solairuek multzo bateratu bat osatzen dute, eta fatxadaren akaberak ematen dio bateratasun itxura hori, lehenengo pisu bien eta etxebizitzetarakoak diren goiko beste solairu bien artean oin diferentzia handia izan arren. Akaberak, lauza gris-urdin txikiekin osatua, sartaldeko fatxadaren erremate kurboak eta gailurrean duen dorre txiki itxurako egitura txiki horrek, leiho biribilekoak, bere osotasunean itxura nahiko dotorea ematen dio eraikinari.
(Ikerlaria: Iñigo Artamedi Ortiz de Zárate. Iturriak: Eibarko Udal Artxiboa 6865.17)
Dokumentuaren akzioak