Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko industria-ondareari buruzko ikerlana

2015/10/15
Ego Ibarra 2015: herriko industria-ondareari buruz Mikel Aparicio arkitekto eibartarra egiten ari den ikerketaren hasierako urratsa amaitzear dago, datu bilketarena. Udal Artxiboko Funtsetan ikerketa-lan sakona egin du azken ehun urte hauetako industria-eraikinen arrastoari jarraikiz.

Soroa tailerra (1938), Matxarian. Etxebizitzak goian eta tailerrak behean (Argazkia: Iñigo Artamendi)

Eibarko industria-ondarea da ikergai eta langai, arkitekturaren ikuspegitik nahiz hiri ikuspuntutik, eta argi ikusi da Eibar tailer-hiriaren eredu dela, eredu bakar eta bakan izan ere.   Erabilera ezberdinen nahaste harrigarria hala hirian nola eraikin barruetan; orografia zailago ezin batek eraikitako forma malkarrak; lur premia latza; arkitektoak askatasun gehixeagorekin ibiltzeak ekarri duen arkitektura modernoa: horrexek bilakatzen du Eibar hain  berezi eta ikertzeko hiri, gaur arte izate hori inork gutxik aitortu badio ere.

Testuinguru horretan —eta gaiaren inguruko doktoretza-tesi baten aterpean,  Ego Ibarra batzordearen laguntzaz eta bultzadaz— ikerketaren lehenengo urratsak hiri-bilakabideari buruzko datu guztiak eta eraikitako industria-eraikin guztiak batzea eskatzen du. Artxiboko ikerketa sakonean oinarritzen da aurreneko pausu hori, industria-eraikinen eraikuntzari buruz ahalik eta informazio gehiena jasotzean. Argazkiak eta plano historikoak ere hortxe daude Eibarrek hiri gisa izan duen hiri-bilakabidearen lekuko gisa, gaur egun dugun herria hobeto ulertzen laguntzeko.

Erdibide horretantxe baina aurrera eginez aurkitzen da une honetan lana.  Agiri ugari aztertzeaz gain luze eta zabal ere bada jorratu beharreko guztia, eta horrek lan asko eskatzen du; denbora behar du: hiria bera hazten ikustea bezala da.  

Datozen urteotan ikerketa osatzen joango da, eta arkitekturaz eta hiriaren zer hortaz aparte, tailerren historia eta bakoitzaren prozesu produktiboak ere batzen joango gara, lana osatzearen, baina batik bat, eraikin horiei orduko hartan izan zuten bizitza hura eman nahian edo haien gizatasunezko lokarria bilatu nahian: gure  aurreko haiek izan ziren, atsedenik hartzeke, berrikuntzaren bidezidorra zabaldu, hazi eta sasoi hartako "Eibar marka" hura gauzatzea lortu zutenak, gure izateko modua eratu eta hezurmamitu zutenak,  industriatik hautsezina den izateko modu hori.

Azkenean, ikerketa honen azken txanpan,  aplikazio informatiko bat sortuko da, arkitekturaren eta eraikinen barruko bizimoduan sartu eta dena harilkatzen utziko diguna. Eta horrekin batera memoria idatzi bat ere bai,   hedapena helburutzat hartuta funtsezkoena bistaratzeko. Hala, Eibarren bereizgarri den ondare arkitektoniko hori goratu eta merezi duen balioa emango zaio: hortxe dago-eta hiriak etorkizunean izango duen garapenaren gakoetako bat.

Beistegui Hermanos, BH

Beistegui Hnos. Etxearen faktura bat 1940koa (www.todocolección.com)

Dokumentuaren akzioak