Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak Mercedes Kareaga bekaren bigarren edizioa kaleratuko du 2024an

2024/07/30
2022an egin zen bezala, aurten ere Eibarko herriarentzat interes berezia duten ikerketa-proiektuak sustatu, ikertu eta zabaldu nahi dira.

Eibarko Udalak Mercedes Kareaga beka kaleratzea erabaki du bigarren aldiz. 2024ko ediziorako, Ego Ibarra Batzordeak EHU/UPVko Historia Sailarekin batera aukeratu duen gaia hau izan da: 1880tik 1936ra bitarteko Instrukzio Publikoa Eibarren. Herriko maistrak.  Ekimen hau tokiko historiaren hutsune bat betetzera dator, gai hau orain arte gutxi aztertu baita, eta interesgarria da Eibarko hezkuntza sistemaren oinarriak zeintzuk izan ziren jakiteko.  

Proiektua, azterlana eta memoriak euskaraz egingo dira, betiere genero ikuspegia landuz. Ikerlana 20 hilabeteko epean egin beharko da, eta iturri garrantzitsuenetako bat Eibarko Udal Artxiboa izango da. Bertan, gaiari buruzko informazio ugari dago eta datozen hilabeteetan, ikerketa lanaren mesedetan, dokumentazioaren identifikazio lana egingo da.

Proposatutako proiektuak originalak izan behar dira, eta egindako lanek Eibarren instrukzio publikoari buruzko informazio berria eta baliotsua jasotzea espero da.

Beka 9.000 eurokoa izango da. Interesdunek urriaren 1etik azaroaren 30era bitartean aurkeztu beharko dute proposamena. Lanak gehienez 15 orrikoa izango dira, eta gaia eta jarraituko duten metodologia zehaztuko dute.

Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta bertan, bekaren prozeduraren eta dokumentazioaren inguruko xehetasun guztiak azalduko dira.

Bigarren edizio hau aukera bikaina da Instrukzio Publikoak Eibarren izan zuen  bilakaera aztertu eta dokumentatzeko, eta herrian hain garrantzitsuak izan ziren maistren lana aitortzeko.

2010. urtean Ego Ibarra batzordeak "Gerra aurreko eskolak Eibarren" izeneko dokumental labur bat kaleratu zuen. Esteka honetan ikus dezakezue.

MKB 2 Instrukzioa publikoa
Petra Elejalde maistra bere ikasleekin. 1925 urte inguruan. (Maite Egurenek utzitako argazkia)

Dokumentuaren akzioak