Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Untzaga plazaren bilakabidea liburua aurten argitaratuko du Ego Ibarra Batzordeak

2023/05/18
Javier Martin Lapeyra ikerlariaren lanak herriko plaza nagusiak 1896tik 2010era izan dituen aldaketa guztiak jasotzen ditu.

Untzaga plaza 1896an: Untzagako jauregia, Errege-etxea, Areitio etxea… Marrazkiak: Javier Martin

Untzaga plaza goitik hartuta egongo balitz bezala daude Javier Martinek eskuz egindako marrazkiak, 1896, 1916, 1936, 1956, 1976, eta 2010ean plazan zer eraikin, altzari edo azpiegitura zegoen jasota eta bakoitzaren deskripzioarekin lagunduta. Horrez gain, hidrografiari buruzko zertzeladak eta gerra zibilak hainbat eraikuntzatan egindako kalteen aipamena ere egiten du.

Lanak XX. mende osoa eta XXI. mendearen hasiera hartzen du bere baitan, marrazki batzuetan konprimituta. Egilearen hitzetan: "Ikusten ez dugun zer hori sentitzen laguntzen du: zapaltzen dugun zoru azpian ezkutuan dauden ur-ibilgu betikoak, batzuk oraindik ondo ikertu eta arakatu gabekoak."
Gutxitan ikusi diren eraikinak azaltzen dira lan honetan, esate baterako, XIX mende amaieran eraikitako Salón Teatroa edo Rufino Osororen etxea, 1904an eraikia eta 1957an eraitsia, Obisponekua eta Solaun etxe izenez ere ezagutzen zena.

Eta, nola ez, eraikin ezagun askoak ere bai,  gaur egun Beasainen dagoen Musika Kioskoa bezala, 1902n egindakoa, Udal Bandak bertan jo zezan. Udalak egin zuen enkargua eta Arrasatekoaren berdin-berdina egiteko eskatu. Gutxienez 1917az geroztik, lorategi txiki bat izan zuen inguruan. 1935aren inguruan desmuntatu eta Beasainera eraman zuten, Loinazko San Martin plazara. 1935eko maiatzaren 22an, Udalbatzak erabaki zuen Construcciones Azpeitia enpresari saltzea 1.000 pezetagatik. La Voz de Guipuzcoa egunkariak lekualdaketaren berri eman zuen 1935eko ekainaren 14an. Eraikitzaileak zati metaliko guztiak aprobetxatu zituen Beasaingo kioskoa egiteko.  

Liburuan marrazkiak koloreztatuta azalduko dira eta, horrez gain, Udal Artxiboko argazkiak eta planoak, baita beste leku batzuetatik jiratutako argazkiak ere, marrazkien lagungarri eta deskripzioaren isla gisa. Une honetan edizio-lana ari da garatzen eta abenduan ikusiko du argia.

Dokumentuaren akzioak