Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Espainiako Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila (1931-1937/39)

2021/03/15
Unai Belaustegi ikerlariak Errepublikaren 90. urteurrena eta gerra zibila ekarriko ditu gogora martxoaren 16an eta 23an La Salle-Azitain ikastetxean eskainiko duen hitzaldian.

Unai Belaustegi. Argazkia: Berria

Belaustegi irakasleak bidalitako erreseinan dio aurten 90 urte betetzen dituen Espainiako Bigarren Errepublikan eta ondoren etorri zen Gerra Zibilean izan ziren gertaera nagusienak azalduko dituela hitzaldi honetan, hauxe gehituz: “Eibarko ikastetxe batean izango denez, oso kontuan hartuko da urte hauetan zehar Eibarrek eta Deba ibaiaren arroak ezagutu zuten bilakaera.”

“Jakina denez, 1931ko apirilaren 12an izan ziren udal hauteskundeen ostean, Eibar izan zen Estatu mailan Errepublika aldarrikatu zuen lehendabiziko herria. Toribio Etxebarriak (1887-1967) kontatzen duenez, goizaldean bertan jada, eibartarrak kalera irten eta errepublikaren aldeko manifestazioa antolatu zuten. Ondoren, ordu batzuetako zalantzaren ostean, Estatuko beste zeinbait hiritan ere errepublika aldarrikatzen ari zirela ikusita (Bartzelonan besteak beste), Eibarren eta Hego Euskal Herriko beste leku batzuetan sozialistek eta errepublikarrek osatutako udalak osatzen hasi ziren.”

“Handik aurrera, Espainiako Bigarren Errepublikaren testuinguruan ulertu behar ditugu gertaera nagusienak. Gobernu probisionalaren eraketa, Gorte konstituziogileak eta Konstituzio berria (1931), biurteko erreformista, euskal autonomiaren inguruko eztabaida, 1934ko gertaera gatazkatsuak (iraultza?) eta Gobernu aldaketa, bi urteko kontserbadorea eta Frente Popularraren garaipena (1936).”

“1935etik aurrera gutxienez, Errepublikaren aurkako mugimendua indartzen eta antolatzen hasi zen militar, falangista eta sektore kontserbadoreen artean. Horiek antolatu zuten 1936ko uztailean Errepublikaren aurkako estatu-kolpea.”

“Baina, 1936ko uztailaren 17 eta 18an gertatu zen estatu kolpe saiakerak porrot egin zuen, eta Estatua eta Hego Euskal Herria bitan banatu zituen gerra hasi zen: Gerra Zibila (1936-1939). Banaketa, hiri eta herri txikietaraino iritsi zen, eta familia berberekoak baina bando ezberdinetan parte hartu zutenak ere egon ziren. Gerrak milaka eta milaka hildako, zauritu eta kaltetu utzi zituen. Azken ikerketan arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bakarrik, 21.000 hildako egon ziren gerran zehar eta diktaduraren lehendabiziko urteetan (1936-1945).  Izan ere, gerra errepublikaren aurkariek irabazi eta 40 urtez luzatu zen diktadura abiarazi zuten.”

Bestalde, jendeak hala eskatuta, eskoletako hiru hitzaldiak Ego Ibarraren Youtube kanal estreinatu berrian eskainiko dira.

Dokumentuaren akzioak

etiketak: 675urte