Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskararen Egunaren bezperan, beti euskaraz jardun eta ohitura zaharrei eutsi dietenek bat egingo dute euskararen erabileraren alde diharduten herriko kirol-klubekin.

2021/11/26
"Eibarko ermitak historiaren lekuko" dokumentala eta euskararen aldeko agiriaren irakurketa abenduaren 2an, 18:00etan, Eibarko udaletxean.

Oregizarreko San Migel santutxoa. Argazkia: Badihardugu Elkartea.

Euskararen Egunaren bezperan, Eibarko euskaran jasotako ahozko testigantzei esker, gure herriko ermiten historia, ohiturak,  errituak eta usadio zaharrak ezagutzeko aukera izango dugu; eta,  aldi berean, gure umeak eta gazteak kirolean aritzeko orduan euskara erabil dezaten, euskara-plana egin duten Eibarko kirol taldeen lana aitortzeko parada ederra. 

Euskararen erabilera indartzearren, Eibarko 10 kirol klubek egin dute euskara-plana 2021/2022 denboraldirako, eta ardatza euren eguneroko jardunean jarri dute: entrenamenduetan, partidetan, kirolariekin eta euren familiekin duten komunikazioetan eta baita euren barne-funtzionamenduan. Hauexek ditugu: Eibar Eskubaloia, Eibar Rugby taldea, Eibartarrak FT, Eibar Igerixan kirol kluba, Club Gimnasia Ritmica Ipurua, Kalamua Judo Kluba, Klub Deportiboa, JAZ Eibar triatloi taldea eta Urbat urpolo taldea.

Oroimena gorde eta ondarea ezagutzera ematearren, zutik dauden ermita hauen inguruko testigantzak eta irudiak batu dira: Salbadore, Akondiako San Pedro, Santakurutz, San Martin, Maala edo Magdalena, Sandroman eta Azitain. Nola ez,  Agiñagako San Migel elizatea eta Oregizarreko San Migel eta San Ildefontso santutxuak ahazteke. Eta betiko galduta egon arren, Maltzagak betidanik izan duen garrantziagatik, San Rafael elizari buruzko jakingaiak ere jaso dira. Ermitok ondo ezagutu eta, kasu askotan, eurenak izan eta zaindu izan dituztenek kontatu dizkigute aspaldiko ohiturak eta errituak. Badiharduguk Eibartarren Ahotanerako egindako elkarrizketatuei zor diegu ezagutza zahar hori eta berbeta herrikoa eta larrekoa, Eibarko euskararen doinuz eta kolorez jantzia. 

Eta herriko kirol-taldeek egindako ekarpenari eta eskuzabaltasunari zor diogu Eibarko gazteek eta umeek beren aisialdian euskaraz aritzeko ekina, hizkuntzaren erabileraren mesedetan entrenatzaileek beren harri-koskorra jarri eta ondu den asmoa.
Alde batetik, galtzear dauden usadio eta ohitura zaharrak dauzkagu, jario ederrez euskarara isuriak; eta, bestetik, gazteen egunerokotasunean sartzen doazen hizkuntza-printzak,  erabiliaren erabiliaz normaltasunera bideratuak.

Ez du ematen hala denik, baina biak daude uztartuta euskararen katebegian. Arazoaren 2an ikusiko dugu.

Dokumentuaren akzioak