Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Harro nago zutaz, Eibar!" vs. "Amorratu egiten nauzu, Eibar!" argazki-lehiaketa Eibarko herriaren 675. urteurrenean.

2021/07/01
Eibarko Klub Deportiboko Argazki Taldearen gidaritzapean, herriaren alde onak eta alde txarrak seinalatzeko argazki-lehiaketa antolatu du Ego Ibarrak. Oinarriak eta parte-hartzeko formularioak irailean argitaratuko dira.

Eibarrek 675 urte betetzen dituen honetan, argazkietan jaso nahi dira herriak dituen gauza onak eta gauza txarrak, maite ditugun gauzak eta amorratzen gaituztenak. Irailean kaleratuko dira lehiaketa honen Oinarriak. Izena emateko epea urriaren 4an hasiko da, eta sei hilabete lehenagotik herrian bizi den adin nagusiko edonork har dezake parte.

Lehiaketak 2 atal hauek izango ditu: Harro nago zutaz, Eibar!, Eibarrek dituen gauza onak eta  Eibarko herriaz harro sentiarazten gaituenak irudikatzen dituzten argazkiak jasoko dituena, eta Amorratu egiten nauzu, Eibar!, Eibarrek dituen gauza txarrak, Eibarren amorratzen diguna irudikatzen duten argazkiak bilduko dituena. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez  argazki original 1 aurkeztu ahal izango du atal bakoitzean.

Argazkiak bidaltzeko modurik errazena bilatu da: Udalaren webgunean jarriko den formulario bat bete eta argazkia erantsi, argazkiaren izenburuan aukeratutako leloa jarriz. Lanak JPG formatuan aurkeztuko dira, eta gehienez ere 2000 pixel izango dituzte alderik handienean; erresoluzioa 300 ppp-koa izanik. Teknika argazkilariaren nahierara uzten da.

Atal bakoitzeko irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Bestalde, 175 euroko sari bi emango dira, epaimahai ofizialak hautatutako argazkietatik, herri-bozketa bidez hautatutako argazkietarako.

Sail bakoitzeko irabazleak eta argazki finalistak Ego Ibarrak eta Klub Deportiboko Argazki Taldeak osatutako epaimahai batek hautatuko ditu. Eibarko Udalak 5 boto izango ditu eta Argazki Taldeak 6. Hautaketa horretan kontuan hartuko dira lanaren kalitate artistikoa eta argazkiaren mezua.

Oinarriak irailean kaleratuko badira ere, argazkilariek denbora bat behar izaten dute gaien inguruan egin nahi dutena pentsatzeko. Aurtengo uda hau, Eibarren 675. urteurrenarena, sasoi aproposa da herriko edozein argazki-zaleturentzat udazkenak ekarriko duen lehiaketa prestatzen joateko. 

Eibar, 1956

 

Dokumentuaren akzioak

etiketak: 675urte