"Harro nago zutaz, Eibar! Vs Amorratzen nauzu, Eibar!" argazki-lehiaketaren sariak eta herri-bozketa
Udalak antolatutako argazki-lehiaketaren epai-mahaia abenduaren 14an bildu zen; bertan egon ziren Udaleko Ego Ibarrako zinegotziak eta Eibarko Klub Deportiboko Argazkilaritza taldeko hiru kide eta beren iritziak eman, bozketa egin eta akta jaso ondoren sarien berri eman zuten: “Harro nago zutaz, Eibar!” atalean Juan Antonio Palacios Garcíaren Lau hodien iturria argazkiak irabazi du, eta “Amorratzen nauzu, Eibar!” atalean Pedro Arriola Arrizabalagaren Ibargain argazkiak. Irabazle bakoitzak 500 euroko saria jasoko du.
Aipatu behar da ez direla argazki asko aurkeztu, 28 argazki izan baitira guztira, horietatik 15 “Harro nago zutaz” atalean eta 13 “Amorratzen nauzu” atalean.
Orain herri-bozketaren fase bat hasiko da, eta argazki guztiak jendaurrean jarriko dira ikusgai udal webgunean, herritarrek botoa emateko aukera izan eta sail bakoitzeko argazki bana hauta dezaten. Fase honetan irabazten duten argazkiek 150 euro jasoko dituzte.
Ostiral honetan jarriko dira argazkiak eta hilaren 31n amaituko da bozkatzeko epea. Botoa emateko formularioan datu pertsonalak eman ondoren gustuko argazkia hautatu beharko da. Parte-hartzaileek boto bat bakarrik eman ahal izango dute sail bakoitzean.
Argazkietan azaltzen diren tokiei dagokienez, esan behar da, bai onerako bai txarrerako, ondare industriala izan dela gehien errepikatu den gaia.
"Lau hodien iturria", Juan Antonio Palacios.
"Ibargain", Pedro Arriola.
Dokumentuaren akzioak