Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kezka Dantza taldearen eta Dantzan elkartearen egoitza berrian, Biharrian, Soka erakusketaren irekiera ofiziala izango da azaroaren 4an, astelehena, arratsaldeko 19:30ean.

2019/10/31
Irekiera ofiziala azaroaren 4an izan arren, erakusketak ateak irekita izango ditu urriaren 31tik aurrera, eta azaroaren 1etik 3ra ere bisitatu ahal izango da, goizez eta arratsaldez.

Argazkilaria: Johan Morin.

"Soka, Euskal Dantzaren Urratsetan" deritzon erakusketa Eibarren izango da Dantzan Biharrian-en egoitzan. Erakusketa multimedia honek begirada zabala eta sakona eskaintzen dio euskal dantzari 150 metro karratutan 400 bat ilustrazio (artxibo bideoak, elkarrizketa zatiak, soinu zatiak eta artxibo irudiak), zazpi bideo sorkuntza original, 14 ukipen-pantaila, formatu handiko 7 HD telebista, 6 koadro digital, 15 ordenagailu eta 9 irakurgailuren bitartez, eta lau hizkuntzatan.

Euskal Kulturaren Erakundeak (EKE) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ekoiztu duten erakusketa honek ibilbide luzea egin du orain arte, eta Biarritzen, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Maulen, Baionan, Zarautzen, Getxon, Bordelen eta Pauen izan da, besteak beste. Egoitza nagusia Eibarren duen Dantzan elkarteak ere parte hartu zuen erakusketaren edukien prestaketan eta, orain Gipuzkoako Diputazioaren laguntzarekin, Dantzan Biharrian-en ikusi ahal izango da sei astez.

Erakusketa 2019ko urriaren 31tik abenduaren 15era egongo da zabalik asteko egun guztietan. Astelehenetik ostiralera 9:00etatik 20:00etara, eta zapatu, igande eta jai-egunetan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Dantzan Biharrian Eibar

Eibarko Ubitxa kalean dago Kezka Dantza Talde eibartarraren egoitza berria.

Dokumentuaren akzioak