Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Langile mugimendua XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran, Eibarren eta inguruan

2021/03/04
Iosu Txueka historialariak hitzaldi hori eskainiko die Eibarko Institutuko ikasleei eta gaia azaldu ondoren ikasleen galderei erantzungo die.

Iosu Txueka (argazkia: Goiena)

Iosu Txueka historialariak hitzaldi hori eskainiko die Eibarko Institutuko ikasleei eta gaia azaldu ondoren ikasleen galderei erantzungo die.

Eibarko Ignacio Zuloaga Institutuko ikasleen aurrean, martxoaren 5ean eta 9an, Iosu Txueca historialariak aztertuko duen gaia “Langile Mugimendua XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran Eibarren eta Inguruan” izango da, ikastetxeko irakasleek eskatuta.

Txueka irakasleak emango duen hitzaldiaren inguruan egin duen erreseinan hauxe adierazi du: “XIX. mendearen erdialdetik aurrera, Europako gune industrializatuetan Langile Mugimendu garaikidea gorpuztuz joan zen. Euskal Herrian, 1880tik aurrera,  industria jarduna garatzearekin batera, Bizkaiko Ezkerraldean eta Meatzaldean, baita Gipuzkoako Eibar, Arrasate, Beasain bezalako gune industrializatuetan ere,  langileriak zegozkion eskubideak erreibindikatzeaz gain eratu zuen, XX. mendean zehar, aldaketa giza-ekonomikoaren ardatza izan den mugimendua. Ekimen horretara hurbilduko gara nazioarteko testuingurutik abiatuz, Ego Ibarrean, Eibar aldean bukatzeko.”

Iosu Txueka Intxusta Historia Garaikidean doktorea da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko Saileko irakaslea. Eusko Ikaskuntzako  kide da, eta, 2011z geroztik, Auñamendi Eusko Entziklopediako historia arloko edukiak berrikusi eta koordinatzearen arduradun. Txuekaren ikerketa-ildo nagusi hauek izan dira: eusko nazionalismoaren arlo politikoak eta kulturalak; Espainiako Bigarren Errepublika; Espainiako Gerra Zibila eta hark eragindako erbesteratzea; Espainiako Trantsizio Demokratikoa; eta gaur egungo historia. Hainbat liburu eta artikulu idatzi ditu, besteak beste: Emakumeak, hitza eta bizitza (UPV/EHU, 2012)  Begoña Bilbao, Gurutze Ezkurdia Arteaga, eta Karmele Perez Urraza egilekideekin; Lau Haizetara. Gerra Zibilaren ondorengo erbesteaz (UEU, 2010); Gurs. El campo vasco, (2007); «La Transición política en Euskal Herria», in Historia de Euskal Herria. Historia general de los vascos (2005); El nacionalismo vasco en Navarra 1931-1936 (1999); Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian (Euskaldunon Egunkaria, 1997) Luis Fernandez Ostolaza  egilekidearekin.

Dokumentuaren akzioak

etiketak: 675urte