Mende bat txirrindularitza bultzatzen: aurten GAC bizikleten fabrikazioaren eta Eibarko Txirrindulari Elkartearen mendeurrenak ospatzen dira
Bizikletaren fabrikazioaren sustraiak armagintzak mende hasiera inguruan izandako arma-fabrikazioaren beherakadaren ondorioz sortu ziren. Krisien eta legeen zorroztasunaren eraginez, arma-fabrikek bide berriak bilatu behar izan zituzten eta bizimodua aurrera ateratzeko aukeretako bat bizikletaren fabrikazioa izan zen.
Armagin gehienek euren makina zaharrak moldatu eta bizikletak egiteko prestatu zituzten. GAC, Orbea eta BH enpresa ezagunak oso garrantzitsuak izan ziren txirrindularitzaren historian. Aipaturiko hiru horiek izan ziren handienak eta ezagunenak, baina, Eibarko bizikletaren eta txirrindularitzaren arrakastatik kanpo, ezin dira aipatu gabe utzi Nicolas Arregui, Zeus, Echasa-Fenix, Cil, Gamma, Abelux...
Aurtengoa urte berezia izateko bi arrazoi handi daude.
100 urte betetzen dira Eibarren GAC bizikleta fabrikatzen hasi zenetik. GAC (Gárate, Anitua y Cía) 1892. urtean erregistratu zen; errebolberrak eta pistolak egiten zituzten bereziki. Lehen aipaturiko krisi eta legeek industriaren dibertsifikazioa ekarri zuten eta GAC etxeak Italiako bizikleta baten patentea erosi zuen. 1926tik aurrera bizikletak fabrikatzen hasi ziren. Urteekin, 1951n, GAC Mobylette-ak egiten hasi zen, "Motobecana" frantziarraren lizentziapean. 1974an, Eibartik Abadiñora joan zen. Marka honen bizikleta ospetsuenetakoa Motoretta izan zen. 1970eko hamarkadan egina, Motoretta azkar bihurtu zen Espainiako hiri-mugikortasunaren ikono. Eredu hau, bere diseinu berritzaile eta funtzionalagatik ez ezik, herritarrentzako produktu eskuragarria izateagatik ere nabarmendu zen, bizikleta eguneroko garraiobide gisa erabil zitekeen eta. Motorettak aldaketa bat ekarri zuen bizikletak hautemateko eta erabiltzeko moduan.
Bizikletak fabrikatzen hasteaz batera, eta garai hartan ohikoa zenez, GACk bere txirrindulari-taldea zuen. Hor kokatu behar dugu, hain zuen ere, urte berezi honen bigarren arrazoia: Eibarko Txirrindularitza Elkartea.
Eulogio Gárate, Hermogenes Larrañaga eta Eulogio Bustindui Club Ciclista GAC sortu zuten, enpresa berak fabrikatzen zituen produktuak ezagutzera emateko asmoz. Laster klubaren izena “Club Ciclista Eibarrés-GAC” izatera pasa zen, Eulogio Bustindui presidentea zela. Eibarko Bizikleta famatuaren eta Eibar-Madrid-Eibar (1932-1936) ekimenaren antolatzailea izan zen, baita beste hainbat lasterketaren sustatzailea ere. Urteak pasa eta gorabehera askoren ondoren, 1978. urtean elkarteak bide berri bat hasi zuen gaur egunera arte jarraitzen duena. Aipatzekoa da 1980. urtean, bakoitzak 10.000 pezetako ekarpena eginda, Eibarko Klub Deportiboa eta Eibarko Txirrindulari Elkartea batu zirela Arrateko Igoera eta Eibarko Bizikleta bezalako proba profesionalak antolatzeko.
Azken 25 urteetan, Eibarko Txirrindularitza Elkarteak txirrindularitza probak antolatu ditu bai gazteen kategorietan bai eta profesionaletan.
Dokumentuaren akzioak