Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Otsailaren 10ean, Untzagako dorre-etxe zaharreko arkabuzariaren zaharberritze-lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da Portalean (3. pisuan)

2023/02/01
Egun horretarako, bisita bi antolatu dira, lehenengoa 16:30ean (euskaraz) eta bigarrena 17:30ean (gazteleraz). Izena emateko epea: otsailaren 2tik 6ra.

Eibarko Udalak Untzagako etxe-dorre zaharreko arkabuzaria zaharberritzeko lanen nondik norakoa ezagutarazi nahi dio herriko jendeari. Horretarako, otsailaren 10erako (ostirala), harrizko pieza historiko bat zaharberritzeko prozesuaren berri bertatik bertara jasotzeko, bisita bi antolatu dira, bata arratsaldeko 16:30ean (euskaraz) eta bigarrena 17:30ean (gazteleraz). Izena emateko epea otsailaren 2tik 6ra bitartekoa da, eta intesdunek honako formulario hau bete behar dute: https://formularioak.eibar.eus/eu/untzagakoarkabuzaria.

Artemis enpresa urtarrilaren 30etik ari da lan hori egiten Portaleko 3. pisuan, Giorgio Studer eta Miriam Cano adituen eskutik. Studerrek urte askoan dihardu Gipuzkoako Foru Aldundiari bere zerbitzuak eskaintzen, eta egin duen lanetako bat aipatzearren, Igartubeiti baserri-dolarearena aipa daiteke. Miriam Canok ere lan handia egin zuen eraikin hartan.

Harrien arloan makina bat lan egin dituzte biek: Azkoitiko Parrokiako gargolak, Hondarrabiko  San Joanen eskultura, Mutrikuko Arrieta jauregiaren harmarriak… Eibarren bertan ere, Urkiko gurutzea lekuz aldatu zenean, hura lekuz aldatzeko eta harria sendotzeko proiektua burutu zuten.

Oraingo honetan, Untzagako dorre-etxearen balkoiko arkabuzaria (burua eta tortsoa) zaharberrituko dute, zati jakin batzuetan dituen ahuleziak, material falta eta marruskadura-markak kentzeko. 250 kilo inguruko pisua duen pieza, aurrenik, pH neutroko tentsioaktiboekin nahasitako urez garbituko da eta eskuzko beste sistema batzuekin tartekatuko da mortero-hondarrak kentzeko.

Ez dira berreraikiko irudian falta diren zatiak (sudurra, bibotearen zati bat, bekoki zati bat eta atzamar bat), kontserbaziorako esku-hartze hutsa izanik elementu horiek ez baitiote eragiten figuraren egonkortasunari.

Beraz, otsailaren 10ean, arratsaldez, aukera ederra dute eibartarrek pieza historiko bat nola zaharberritu daitekeen jakiteko.

Dokumentuaren akzioak