Tailer zaharrak, erabilera berriak: 47 proposamen Txontako Aibe Tailerraren birmoldaketarako EUROPAN arkitektura-ideien Europako lehiaketan, zeinean Ulysses began his Odyssey proiektuak irabazi duen
Talde irabazlearen proposamena. Argazkia: Ulysses Began His Odyssey
Europako Batasunak sustatutako bi urtez behingo hiri- eta arkitektura-ideien lehiaketa da EUROPAN, habitataren eta hirigintzaren arloko ezagutzan eta ikerketan sakontzeko. Edizio honetan, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Eibarko Udalarekin lankidetzan arituta, Talleres Aibe enpresaren eraikin zaharra zuzkidura-bizitoki eta tokiko ekipamendu bihurtzea planteatu zuen.
Eraikina 60ko hamarkadaren hasieran eraiki zuen Garaciaga forja- eta torlejugintza-tailerrak Máximo Trincado Solozabal industria-ingeniariaren proiektuaren arabera. Azken eraikuntza jatorriz egin nahi zenaren oso bestelakoa izan zen, nahiz eta bolumetria berdinekoa izan. Gero, Industrias Aiberen eskuetan geratu zen eraikina, eta han egon zen harik eta 2016an Matxariako industrialde berrian zituen instalazioetara joan arte.
Esteka honetan ikus dezakezue eraikina barrutik, solairu desberdinetan sartzeko aukerarekin, bideoekin, eta abar.
Eibarko kokalekuak jaso zituen proposamen arkitektoniko gehien (47 guztira) lehiaketan. Miguel Angel Díaz Gonzalez, Ignacio Hornillos Cárdenas eta Eduardo Dipré arkitektoek osatutako taldeak Ulysses began his Odyssey (Ulises bere Odisearen hasieran) izenburupean aurketuztutako proiektuan eraikin zaharra osorik birgaitzea proposatzen du, egitura mantenduz, bolumetria handitu gabe eta eraikinean kalitate handiko logela bateko eta biko etxebizitzak txertatuz. Eraikinaren beheko aldea libre uzten du espazio publiko bihurtzeko, Gisastubideko goiko aldetik Txontaraino doan pasabidearena konpontzeko, alegia. Ekipamendutarako programa osatu eta Txonta kaleko 5. zenbakiko etxearen mehelinarena konpontzeko, bigarren eraikin berri bat egitea proposatzen da, Txonta kalearen eta jatorrizko eraikinaren mailan eratuko den plaza publiko berriaren arteko irisgarritasunari konponbidea ematearren. Arkitekturaren bidez, konplexutasun handiko hiri-ingurunea leheneratzen da.
2024ko ekainaren 5ean, Nalonen (Asturias) Espainiako Europan sariak banatu ziren, eta Eibarko Udalak herritarrei erakutsi nahi dizkie Aibe eraikin zaharra zuzkidura-etxebizitza bihurtzeko aurkeztu ziren bederatzi proposamen finalistak.
Ekainaren 17tik (astelehena) 21era (ostirala), 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara, Eibarko udaletxeko barruko patioan (Untzaga plaza 1), Europan 17 Espainia erakusketa egingo da. Erakusketan, arkitektura eta hirigintza arloko gazteek hirirako proposatu dituzten 9 proposamen onenen informazio zehatza emango da. Sarrera librea da, eta jendeak arkupeetatik izango du sarbidea.
Arkitekto-talde irabazleak bere proposamena aurkeztuko du asteartean, hilak 18, udaletxeko batzar-aretoan, 19:00etan. Sarrera librea izango da aforoa bete arte.
Hemendik aurrera, Ulisesek bere Odisea propioari ekingo dio Eibarren industria-eraikin zahar batean.
Dokumentuaren akzioak