Udal Artxiboak egin du Jose Antonio Artamendi Muguerza filosofoaren dokumentu-funtsaren hasierako sailkapena
Antxon Artamendiren dokumentazioa Udal Artxiboan
Jose Antonio Artamendi Muguerza Eibarren jaio zen, 1933ko abuztuaren 25ean, eta Donostian hil zen, 2014 urtean. Filosofia eta Teologia ikasi zuen Valladolideko Unibertsitatean, eta, geroago, apaiztu zen, 1958an. 1958-1959 ikasturtean, Angelicum Erromako Unibertsitate Pontifizioan jarraitu zuen ikasten; han, Aristotelesen eta XVIII. eta XIX. mendeetako Alemaniako filosofian sakondu zuen. Maurice Merleau-Pontyren diszipulua izan zen; 1960an Pariseko Institutu Katolikoan matrikulatu zen doktoretza-tesia prestatzeko, Grenet irakasleak zuzenduta: Essai d'une Phenomenologie de l'Étre Humain Dans la prespective de Maurice Merleau-Ponty; 1963ko maiatzaren 9an defendatu zuen tesia, eta Filosofiako Doktoretza lortu zuen Sorbonan. Urte hartan, eskolak ematen hasi zen Donostiako Elizbarrutiko Apaizgaitegian, eta, geroago, Deustuko Unibertsitatean; azken horretan, Filosofia eta Letren Fakultateko Dekanoa izan zen. Xavier Zubirirekin lan egin zuen Madrilgo haren Mintegian, eta han Técnica y civilización liburua amaitu, eta Doktore izendatu zuten Unibertsitate Complutensean 1974an. Donostiako lehenengo Filosofia-Asteak antolatu zituen; horietan Jose Luis Arangurenek, Fernando Savaterrek, Javier Muguerzak eta Carlos Parisek hartu zuten parte, besteak beste.
Liburu ugari idatzi zituen. 1993an Sabino Arana Fundazioko lehendakari izendatu zuten. Irakaskuntzari dagokionez, Antropologia Filosofikoko, Filosofiaren Historiako, Hizkuntzaren Filosofiako eta Gizarte- eta Kultura-Antropologiako irakasle izan zen Donostiako Apaizgaitegian eta Deustuko Unibertsitatean; azken horretan, Filosofia eta Letren Fakultateko katedratikoa izan zen, eta horretako Dekanoa izan zen Donostiako Kanpusean.
Dokumentuaren akzioak