Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Zaharberritu egingo da Orbeatarren Untzagako etxe-torreko fatxada nagusiaren balkoia apaintzen zuen arkabuzariaren irudia.

2022/07/21
Berroneratu ondoren, elementu hori Eibarko Armagintzaren Museoan erakutsiko da.

Zezenketa Untzaga plazan: goian, ezkerraldean, arkabuzaria. Argazkia: Castrillo Ortuoste Fondoa. Eibarko Udal Artxiboa.

Ego Ibarra Batzordeak, pasa den uztailaren 6an egindako bilkuran, erabaki zuen Untzagako edo Torre Zaharreko jauregi errenazentista zaharraren erliebe altu baten zatia zaharberritzea, hain zuzen ere, estilo platereskoko fatxadaren erdialdean zegoen balkoi nagusiaren eskuinaldeko arkabuzariaren tortsoa eta aurpegia berroneratzea. Ignacio Zuloagaren koadrorik famatuenetako batean edo Indalezio Ojangurenen hainbat argazkitan ikus daiteke fatxada hori, eta, jakina, baita arkabuzaria bera ere. Orbeatarren jauregia edo Torre Zaharra XV. mendearen amaiera aldean eraiki zen eta 1902. urtean bota.

Zati hori eta beste batzuk Estaziño kalean 1905ean eraikitako zalditegi zaharraren harrizko sarrerako atea egiteko erabili ziren. Ate hori 2014. urtean eraitsi zen eta Mercedes Ayerbe Albizuri andreak eta César Gárate Ayerbe jaunak Udalari eman zioten, ate-zangoak eta ateburua osatzen zituzten beste harri batzuekin batera.

Arkabuzariaren zatiak neurri hauek ditu: 59 cm luze, 32 cm sakon eta 99 cm altu. 250 kilo inguruko pisua du. Gaur egun, Eibarko Udaleko biltegi batean dago gordeta, eta harriaren kontserbazio-egoera hala moduzkoa dela esan daiteke. Irudiak gainazalaren degradazioa jasan du materialaren meteorizazioak eraginda, eta gune jakin batzuetan ahuleziak, material falta (hausturak) eta marruskadura-markak ditu.

Eibarko Orbeatarren jauregiko arkabuzaria

Elementu hori aldez aurretik aztertuko da, eta berroneratu beharreko materialaren kontserbazio-egoera modu xehean aztertu eta ebaluatuko da. Pieza ez da udal-lokaletatik kanpo aterako; beraz, lan guztia Udalaren instalazioetan egingo da 2023ko lehen hiruhilekoan. Adituaren aurretiazko txostenean oinarrituta, lehenik eta behin, pH neutroko tentsioaktiboekin nahasitako urez garbituko da elementua, eta lan hori eskuzko beste sistema batzuekin tartekatuko da mortero-hondarrak kentzeko.

Kasu honetan, ez dira berreraikiko irudian falta  diren zatiak (sudurra, bibotearen zati bat, bekoki zati bat eta atzamar bat), kontserbaziorako esku-hartze hutsa izatera elementu horiek ez baitiote eragiten obraren edo figuraren egonkortasunari. Aldiz, falta diren zati horien leheneratze bolumetrikoa egitea erabakitzen bada, aldez aurretik hareharriararekin kromatikoki batera letozkeen morteroak prestatu eta horiek erabiliko lirateke.

Honela, balioa ematen zaio Eibarko ondare historikoko elementu baliotsu bati, eta, aldi berean, bete egiten da bere garaian egindako dohaintzaren helburua.

Dokumentuaren akzioak