Indalecio Sarasqueta "Eibarko Txikito" (1860-1900)
Oso gazte jokatu zuen bere lehen partida: 1876ko uztailaren 26an, Eibarren, hamasei urte zituela, sasoi hartan pilotaririk onenetarikoa zen Markinako Laba apaizaren kontra.
1877. urtean, palaz, ordura arte modalitate horretan onena zen "Bizimodu"ren kontra jokatutako partidan, garaile atera zen, "Karrikaluze"ri ere irabazi zion, orduko onenetakoa hura ere. Pala motza zein luzea, erremontea… Pilota-jokoaren modalitate gehienak hartu zituen mendean, denetan nabarmentzen zen.
Antonio Peña y Goñik, garai hartako kazetari eta idazleak bere 1892ko "La Pelota y los Pelotaris" izeneko liburuan , ordura arte Euskal Herriak emandako pilotaririk onena zela zioen.
Bere fama Euskal Herritik kanpora zabaldu zen. Argentinara abiatu zen 1879an. Paysandu famatuari irabazi zion han, ordura arte, inork egin ez zuena.
1886an Espainiara itzuli zen, osasunez motel zebilela. Pilota utzi behar izan zuen , gero, Buenos Airesera itzuli zen, eta han "Frontón Nacional"-eko intendente izan zen 1894. urtean frontoia itxi zuten arte. Itzuli eta Bilboko EUSKALDUNA frontoian, Barcelonako CONDAL eta Madrileko BETI JAI frontoietan ere intendente izan zen.
1900eko apirilaren 1ean hil zen Eibarko bere Elgetakaleko etxean, "Olabe" etxea izenez ezagutzen zen etxean, 40 urte zituela.
Dokumentuaren akzioak